2020-12-10 – URRIKO DEI ASPALDIKOA: BELATE-BERUETE IBILALDIA

Iragarritakoa: euria zar-zar 7:00etan Iratxoko atean elkartutakoan. Atean, elkartea itxita baitago pandemiaren ondorioz. Eguraldia ikusita, bik ohatzean gelditzea erabaki dutela jakinarazi dute. Zentzudun bakarrak? Gainontzeko zortziak abiatzeko prest, zer datorren jakitun. Nola egin atzera?

Taxia martxan jarri orduko atertu egin du. “Belaten ez da horrela egongo”. Jose taxi-gidariak deitzen badiogu Orokietako gainera, Gorostietara, atera daitekeela bota du.   Koberturarik ez bada, ordea? Kotxez egindako bide osoan ia tantarik ez. Sinestezina. Venta Quemadan dena ilun7:30ak pasa izan arren. Ateri. Ehiztari bakarrik ere ez. Harritzekoa.

Alanbre-hesia ia ilunpean gainditu dugu sasiei muturra kolpeka atzera eraginez. Lehenengo larreetan, uretan plista-plasta, errekatxoa hazita. Ezkerraldetik, bi tiro, bide luzean entzun ohi  dugun kontzertuaren lehenengo bi notak. Gezurra dirudien arren bide luzean ez dugu gehiago adituko. “Ehiztariak bukatzen ari ote?”.

Eta ateri.  “Ez da gutxi euririk gabe abiatzea”. Bidexkak sasiak erdi hartuta ditu. Laharrak eta iratzea nagusi, ardi eta behor dezente ibili arren. Pistara heldu gara, azkenik, eta Putzuetako gainera bidean (1063m) haize hotz indartsuak ederki astintzen du Dorisek motxilari lotuta daraman ikurrin beltza. Eskerrak euririk ez den. Zabor poltsa horrengatik motxilak jai zeukan. Benetako babesle bat oparitu beharko. Beheko txokoan, askotan topatu izan dugun artzaina. Artaldea saroian bildua du. “Ateri eginen du”, animatu gaitu. Artzainek aztatzen dute, asmatzen dute. Nola? Maximok Leringo artzain baten hitzak gogoratu ditu: “Gaur euria izanen da txoriak edatera ibaira jaitsi direlako”.

Bokata jaten ohiko pago galanten ondoan gozatu dugu, gehienek zutik esertzeko lehorrik ez delako. Oso gertu, azkeneko urteetan lehor aurkitu izan dugun iturburuari ura bor-bor dario errekatxoa sortuz. Oinak gehiago ez bustitzeko zerbait desbideratu behar.

Bidean aurkitzen ditugun usategi eta txaboletan ia inor ez. “Gaur ez dira postuetara igo ere eginen”. Eltzaburu eta Saldiasko bi gazte amoranteen istorio tragikoaren berri eman diogu Maximori gurutzearen ondoan. Bertsio guztiak ez dira bat etorri, baina…

Euria hasi du lehenengoz eta euritakoak eta kapusaiak atera behar izan ditugu. Leurtzako urtegi aldera, lainoa nagusi. Hurrengo batean beharko. Dorisen lagun leitzarren txabola, hutsik. Gorostietara daraman pistara ailegatu aurretik atertu egin du. Pista utzi eta Otedegi gainerantz jo dugu zortzi ibiltariok, baten bat damutu arren. Jaitsieran, pastak eta kafe beroa gogoan, “Manolo” oihu egin du norbaitek. Alferrik. Gorostietako merenderoan jarri dituzten mahi eta aulkiak motxilan generamatzanak janez mustu ditugu. Zutik eta distantziak gordez: lau mahi baten inguruan, beste lau ondokoaren alboan. Datorren urtean eseriko  omen gara Iratxok jartzen dituen pastak jan eta kafea hartzera. Ea egia den.

Ordu pare bat Berueteraino. Bizpahiru aldapatxo, azkenekoa luze xamarra. Aurretik mendi hegi aldapatsua zeharkatu behar da. Bidea errekasto bihurtua, ura goitik behera, nonahitik. Azkeneko aldapa serioa igotzean, mila metrora, gorringo faltsu eder batek (Amanita muscaria) geldialditxoa egiteko aitzakia eskaini digu eta gure argazkilari artistek aukera ederki aprobetxatu dute onddoa bera eta taldea hilezkortzeko.

Hemendik aurrera bidea erraza da;  ia ez dago aldaparik. Hala ere, Otsola erreka hazia dator eta batzuek lanak izan dituzte uretan sartu gabe gurutzatzeko. Arraratsera bidean ur jauzi zaratatsuak eskaintzen dizkigu, opari, aurreko urteetan hain apal eta isil azaldu zaigun errekastoak.  Beruetera ura daraman bidearen ondoko pago ederrenak botatzeko markatuak daude. Botatzea ez dago gaizki nahiz pena eman. Baina nola egongo ote da bidea datorren urtean? Alternatibaren bat bilatu beharko.

Gaztainak hartzeko asmoa zuen gutariko batek Beruetera iritsi aurretik, baina prest zuen poltsa beste batean erabili beharko du. Ez gaztainarik, ez onddorik… Hala ere, zortziak pozik espero ez genuen eguraldia izan dugulako.

Taxira sartu aurretik, euria. “Orain egin dezala, nahi badu”.

ARGAZKIAK:

http://www.iratxoelkartea.com/multimedia/fotos/montana/?preview_id=82&preview_nonce=dd364bfca8&_thumbnail_id=-1&preview=true