(Español) Neouvielle 23y24-08-2019

Sentitzen dugu, baina sarrera hau %LANG-z:, : eta % bakarrik dago.

Neuvielleko irteerarako kontuan hartzekoak

1.-Larunbateko bazkarirako eta mendian pikatzeko janari edo jakiak (bokata bat, fruitu lehorrak, barritak…) norberak eraman behar ditu. Arratsalderako, itzulerarako autobusa hartu aurretik jateko, Antola-kuntzak askari/merienda aberatsa eta edariak eramango ditu guztiontzat. Beraz, kontuan hartu esandakoa.
2.- Bidaiaren ordainketa (65 €) aurretik egin behar da. Horrela, antolatzaileok ez dugu diru mordorik eskutan erabili behar.
Ordainketa ondorengo kontuan egin daiteke:
Rural Kutxa, Iratxomendi: ES85 3008 0033 2528 8147 2316

BISAURINEKO ZIRKULARRA.

Aurreko larunbatean eguraldi txarrak irteera bertan behera utzi arazi behar izan bazigun ere, abuztuaren hiruko giroa aparta izan zen. Bero xamarra agian, baina ezin hobea: zerua urdin eta tenperatura ona, haize hegoak, egunak aurrera egin ahala gehiegitxo berotu bazuen ere.
Lizarako aterpea zortzi eta erdiak jota utzi genuen eta itzal freskoan eta hamasei kideko ilara luzean joan ginen atzean uzten bideko bi aterpeak Pleta Mistresako larre goxoetara heldu arte. Tripa-zorri guztiak esnatuak genituen bi ordu kotxez eta ordu luzea oinez eman ondoren eta hamarretakorako garia ongi heldua zenean, bide gidari izan genuen errekatxoa desagertu egin zen eta bere bila jaitsi ginen, badaezpadakoan eta gogo handiegirik gabe, egia esan, ur fresko bila. taldeko batek, ordea, metro batzuk galtzeari uko egin zion.


Jan edanak egin eta ur-ontziak beteta, igoerari lotu gintzaizkion berriro nahiko sakabanatuta eta elurtegi txiki bat zapaldu genuen Secuseko lepora iritsi aurretik ezkerrera hartzeko. Ibilbideko zatirik zailtxoena hauxe izan zen eta harkaitzari helduta igo behar izan genituen zenbait zati. Mikel eta Egoitz gaztetxoak, zoratzen. Engainatu egin genuela, Amaliak. Hala ere, ia konturatzerako goiko lepoan ginen (baten bat haserretuko da hau irakurtzean txakalaldiak jota behera egiteko mehatxua ere egin baitzuen) eta taldea elkartu eta tragoxka bat eginda, azken malda piko belartsuan hartu genuen eskuinerantz motorrik gabeko hegazkin hegal luze txuri isilaren begirada pean.


Ekialdeko tontorrera iritsita ohartu ginen Bisaurin ezkutuan izan genuela bide osoan, aurreraxeago jende pila ikusi arte. Hori zen, bai, gure helmuga eta saria. Paisaia zoragarria edonora ere begiratuta: Acher, Midi d’Ousseau iluna eta, ekialderago, Vignemale, Infierno eta abar luzea. Elur gutxi, urtetik urtera gutxiago, zoritxarrez.
Zerbait pikatu, zahatoari azken tragoak ebatsi, eta ohiko argazki saioaren ondotik, jaitsiera luzea bazkal aurretik. Lehenengo zatia, kontuz egitekoa, ipurdikoren bat hartu nahi ez bazen. Hala eta guztiz ere… Lo Foraton lepoan elkartu ginen berriro guztiak. Guztiak, ez, Asentsio Kontxiren bila joana baitzen ordurako. Oraindik ia 500 m jaitsi behar GR 11 xenda erosoan. Amaliak aldapa gorak nahi zituela. Ustekabeko iturritxo bateko ur freskoa gozatu eta aterperantz jo genuen. Azken etapa. Fuente de Fuenfría eta Lizaran bazkaria zain.


Jendea pozik. Batzuentzat Piriniotako lehen esparientzia zen eta, gogorra egin arren, gustura. Beste batera itzultzeko prest.

Argazki gehiago: https://www.iratxoelkartea.com/multimedia/fotos/montana/

GOAZEN PIRINIOTARA ABUZTUAREN 23 ETA 24AN

Frantziako NEUVIELLE parkera joango gara aurten Iratxotik hango paraje zoragarriak ezagutu eta gozatzeko eta NEUVIELLE tontorrera (3.090m) igotzeko.
Bi aukera desberdin denen eskura Pirinioez gozatzeko:
a) Neuvielle parkea ibilaldi lasaian ezagutu lakuen arteko zirkuitu erraza eginez: Oredon, Aubert etb lakuak.
b) Neuvielle tontorrera igo. Hiru milako tontor errazenetarikoa eta panoramika ederrak eskaintzen dituena. Zazpi ordu inguru.
EGITARAUA

NOIZ: Abuztuaren 23 eta 24. Gaua Bielsako hotel batean emango dugu.
OSTIRALA: Irteera arratsaldeko 15:00etan . Bielsatik Pineta harana ezagutzera joango gara autobusez.
LARUNBATA: Goizeko 6:30tan, autobusez, Neuvielleko parkerantz abiatuko gara, a) edo b) aukerak burutzeko. Arratsalde erdi aldera, zizka-mizka aberats baten ondoren, autobusa hartuko dugu Irurtzuna itzultzeko.
PREZIOA: 65€ (Hotela, autobusa, afaria, gosaria eta larunbateko zizka-mizka barne).

Momentuz, 25 lagunendako ohea erreserbatua dugu hotel batean. Behar izanez gero, plaza gehiago lortzen ahaleginduko gara. Hala ere, oheak ziurtatuak izango dituzte izena ematen duten lehen 25 ausartek. Izena eman abuztuaren 13a bitartean.

Beraz, animatu eta eman izena!
OHARRA: Abuztuaren 12an, arratsaldeko 7:30etan, bilera egingo dugu xehetasunak argitu eta zehazteko.

FESTA ONDORENGO IRTEERA

Datorren larunbatean 3ean, ibilaldi zirkular polita egingo dugu Lizarako aterpetik abiatuta. Bisaurin tontorrera (2670m) igoko gara Bernerako portuko bidean barrena. Plana Mistresako larreak utzita Secuseko leporantz joko dugu tontorreraino pixkanaka igotzeko. Bisaurinek oparitzen dituen panoramikak gozatuta, jaitsiera bide arruntetik egingo dugu La Foratón lepoan GR11rekin bat egiteko.
Bazkaria Lizarako aterpean egiteko asmoa dugu, baina horretarako 3:30tarako iritsi behar genuke. Bazkaltzeko lekua erreserbatu behar dugunez, izena 1erako eman behar da.
Anima zaitez eta etorri gurekin!