2020-12-10 – URRIKO DEI ASPALDIKOA: BELATE-BERUETE IBILALDIA

Iragarritakoa: euria zar-zar 7:00etan Iratxoko atean elkartutakoan. Atean, elkartea itxita baitago pandemiaren ondorioz. Eguraldia ikusita, bik ohatzean gelditzea erabaki dutela jakinarazi dute. Zentzudun bakarrak? Gainontzeko zortziak abiatzeko prest, zer datorren jakitun. Nola egin atzera?

Taxia martxan jarri orduko atertu egin du. “Belaten ez da horrela egongo”. Jose taxi-gidariak deitzen badiogu Orokietako gainera, Gorostietara, atera daitekeela bota du.   Koberturarik ez bada, ordea? Kotxez egindako bide osoan ia tantarik ez. Sinestezina. Venta Quemadan dena ilun7:30ak pasa izan arren. Ateri. Ehiztari bakarrik ere ez. Harritzekoa.

Alanbre-hesia ia ilunpean gainditu dugu sasiei muturra kolpeka atzera eraginez. Lehenengo larreetan, uretan plista-plasta, errekatxoa hazita. Ezkerraldetik, bi tiro, bide luzean entzun ohi  dugun kontzertuaren lehenengo bi notak. Gezurra dirudien arren bide luzean ez dugu gehiago adituko. “Ehiztariak bukatzen ari ote?”.

Eta ateri.  “Ez da gutxi euririk gabe abiatzea”. Bidexkak sasiak erdi hartuta ditu. Laharrak eta iratzea nagusi, ardi eta behor dezente ibili arren. Pistara heldu gara, azkenik, eta Putzuetako gainera bidean (1063m) haize hotz indartsuak ederki astintzen du Dorisek motxilari lotuta daraman ikurrin beltza. Eskerrak euririk ez den. Zabor poltsa horrengatik motxilak jai zeukan. Benetako babesle bat oparitu beharko. Beheko txokoan, askotan topatu izan dugun artzaina. Artaldea saroian bildua du. “Ateri eginen du”, animatu gaitu. Artzainek aztatzen dute, asmatzen dute. Nola? Maximok Leringo artzain baten hitzak gogoratu ditu: “Gaur euria izanen da txoriak edatera ibaira jaitsi direlako”.

Bokata jaten ohiko pago galanten ondoan gozatu dugu, gehienek zutik esertzeko lehorrik ez delako. Oso gertu, azkeneko urteetan lehor aurkitu izan dugun iturburuari ura bor-bor dario errekatxoa sortuz. Oinak gehiago ez bustitzeko zerbait desbideratu behar.

Bidean aurkitzen ditugun usategi eta txaboletan ia inor ez. “Gaur ez dira postuetara igo ere eginen”. Eltzaburu eta Saldiasko bi gazte amoranteen istorio tragikoaren berri eman diogu Maximori gurutzearen ondoan. Bertsio guztiak ez dira bat etorri, baina…

Euria hasi du lehenengoz eta euritakoak eta kapusaiak atera behar izan ditugu. Leurtzako urtegi aldera, lainoa nagusi. Hurrengo batean beharko. Dorisen lagun leitzarren txabola, hutsik. Gorostietara daraman pistara ailegatu aurretik atertu egin du. Pista utzi eta Otedegi gainerantz jo dugu zortzi ibiltariok, baten bat damutu arren. Jaitsieran, pastak eta kafe beroa gogoan, “Manolo” oihu egin du norbaitek. Alferrik. Gorostietako merenderoan jarri dituzten mahi eta aulkiak motxilan generamatzanak janez mustu ditugu. Zutik eta distantziak gordez: lau mahi baten inguruan, beste lau ondokoaren alboan. Datorren urtean eseriko  omen gara Iratxok jartzen dituen pastak jan eta kafea hartzera. Ea egia den.

Ordu pare bat Berueteraino. Bizpahiru aldapatxo, azkenekoa luze xamarra. Aurretik mendi hegi aldapatsua zeharkatu behar da. Bidea errekasto bihurtua, ura goitik behera, nonahitik. Azkeneko aldapa serioa igotzean, mila metrora, gorringo faltsu eder batek (Amanita muscaria) geldialditxoa egiteko aitzakia eskaini digu eta gure argazkilari artistek aukera ederki aprobetxatu dute onddoa bera eta taldea hilezkortzeko.

Hemendik aurrera bidea erraza da;  ia ez dago aldaparik. Hala ere, Otsola erreka hazia dator eta batzuek lanak izan dituzte uretan sartu gabe gurutzatzeko. Arraratsera bidean ur jauzi zaratatsuak eskaintzen dizkigu, opari, aurreko urteetan hain apal eta isil azaldu zaigun errekastoak.  Beruetera ura daraman bidearen ondoko pago ederrenak botatzeko markatuak daude. Botatzea ez dago gaizki nahiz pena eman. Baina nola egongo ote da bidea datorren urtean? Alternatibaren bat bilatu beharko.

Gaztainak hartzeko asmoa zuen gutariko batek Beruetera iritsi aurretik, baina prest zuen poltsa beste batean erabili beharko du. Ez gaztainarik, ez onddorik… Hala ere, zortziak pozik espero ez genuen eguraldia izan dugulako.

Taxira sartu aurretik, euria. “Orain egin dezala, nahi badu”.

ARGAZKIAK:

http://www.iratxoelkartea.com/multimedia/fotos/montana/?preview_id=82&preview_nonce=dd364bfca8&_thumbnail_id=-1&preview=true

Ezkaba 2019-11-03

Jende andana elkartu ginen igandean Ezkabako gainan. Helburua zen Gotorlekua eta Botillen Hilerria ikustea. Hortarako zita genuen Koldo Plarekin.
Talde bat Berriozartik igo ginen. Bidean Berriozarko hilobia ikusiz, beste taldea zuzenean Ezkabara joan zen. Denok Alfonso XII gotorlekuaren atean elkartu ginen eta hor hasi zen bisita gidatua Koldorekin. Berak azaldu zigun gotorlekuearen eta espetxearen historia beltza. Ondoren botillen hilerria eta barnetikan zenbat txoko ikusi ondoren berriro atean egin genuen argazkia.
Ezkabako ihesak, 1938. urtean gertatu zena eta berrehundik gora hildako utzi zituena protagonismo berezia izan zuen kontakizunean.
Eskerrik asko Koldo!!!.

ARGAZKIAK: http://www.iratxoelkartea.com/multimedia/fotos/montana

EMAKUMEAREN MEMORIAREN BARATZEA

Iraileko azken igandean, Iratxo Mendi Taldearen eskutik, Arantzan izan ginen XXX. Sakanako Ibilaldiari ohiko Bidaiatxoarekin amaiera emateko. Putzu Beltz eta inguruko zoko ederrak ezagutu genituen goizean eta, itzulitakoan, Arantzako Emakumearen Oroimenaren baratzea bisitatu genuen, Mentxu gidari.
Azaldu zigun Bortzirietan 1936ko kolpe militarraren biktima izandako herritarren memoria berreskuratzeko ahalegina egina zela, baina gizonezkoek pairatutako errepresioari soilik egiten zitzaiola erreferentzia, emakumearen papera ahaztua gelditzen zelarik. Hori ikusita, eta emakumezkoek 1936an eta ondorengo urte latzetan sufritutakoa eta Bortzierietako bizitzan historian zehar izan zuten eta duten garrantzia kontuan hartuta, andrearen memoriaren alde ere zerbait egin behar zela erabaki zuten. Horrela, Beran antzerki bat prestatu zuten bailaran andreek kolpe militarreko garaietan bizitakoa erakusteko. Gainontzeko herrietan ere zerbait egin behar zela eta, Arantzan, Emakumearen Memoriaren Baratzea sortu zuten udalaren laguntzaz.
Baratzean espiral formako bideak daude emakumearen natura ziklikoa islatzeko. Erdian, umetokia sinbolizatzen duen lurrezko ontzi edo pegar batek ura dario, bizitzaren ura.
Baratzak borobilak dira eta permakulturakoak, hau da, beti geruza organiko batekin estaliak. Baratzetako ohiko landarez gain, ugariak dira sendabelarrak eta loreak.
Toki txikia, baina bikain zaindua. Ortua astean behin egiten den auzolanari esker mantentzen dute.
Sarreran, kartel handi batean baratzaren argibideak hiru hizkuntzatan eta bukaeran gonbite argia:
“Baratzean sartu, bertan ibili, begira, entzun, egon… Akaso parte hartu nahi duzu… zure lana, zure haziak, landarea edo emakume baten historiarekin… Atea zabalik duzu.”
Bazkal aurretik aperitibo ederra eskaini zigun Mentxuk. Mila esker.

ARGAZKIAK: http://www.iratxoelkartea.com/multimedia/fotos/montana/

EUSKAL HERRIKO ERDIGUNERA

Urriaren 13an, igandean, Sakanako Mendizaleak, Independentistak Sarea eta Iratxo Mendi elkartea k antolatu dute mendi irteera EUSKAL HERRIKO ERDIGUNERA.
Bidaltzen dizugu kartela eta hiru aukera joateko. Senosiaindik Irañetako bordatik eta Unanutik.
Animatzen zaituztegu parte harzeko eta zalantzaren bat izanez gero, jarri harremanetan gurekin.

EHko ERDIGUNEA_PLANOA

(Español) Neouvielle 23y24-08-2019

Sentitzen dugu, baina sarrera hau %LANG-z:, : eta % bakarrik dago.