25eko IBILALDI BIRTUALA

Kaixo, mendizale hori:
Gaur 25 da, bai, gure Sakanako Ibilaldiaren larunbata eta, garai honetan, abian izan beharko genuke, irteerako urduritasun ohikoarekin, Pabloren suziriaren zain S. Donato, S. Miguel, Trinitatea eta Itxasperriko Santiago baselizetarantz joateko; nahiz igarotzen ditugun beste gune esanguratsu batzuetarantz: Euskal Herriko Erdigunea, Agiri herri hila, Larrazpileko trikuharria; edo deika ariko zaizkigun tontorrak nahiz, urtero bezala, zain izango genituzkeen inguru hauetako herriak.
Errealitatea bestelakoa da, ordea: etxean egotea behartzen gaituen zientzia-fikziozko film bateko egoera guztiz surrealista ari gara bizitzen. Hainbat eta hainbat bizi aurrean hartuta eraman dituen Covid-19aren uholdeak gure bizitzaren zati bat “ebatsi” digu: gure mendiez gozatu ahal izatea, geure Ibilaldiaz; baina ezin digu “lapurtu” ez irudimena ezta maite dugunaz gozatzeko ilusioa . Hortaz, Ibilaldia birtualki egitea proposatzen dizugu eskaintzen dizkizugun esteka batzuen bidez. Hasteko, XXX. Sakanako Ibilaldiaren urteurrenaren bideoa (20 minutu irudi ikusgarriz josiak)ikusiz egin dezakezu ibilbidea: https://youtu.be/SudoJIcy3-E
Edo, denboraz larri bazabiltza, 2017 beste bideo laburrago honetara jo dezakezu: https://youtu.be/2hnI3AZVZcw
ETBko Gailurra Martxan saioak egindako erreportajea ere ikus dezakezu hurrengo estekan: https://youtu.be/4wTZNvYY64Y
Edo Iratxo Elkarteko web orrian argazki mordo bat ikusi: https://www.iratxoelkartea.com/multimedia/fotos/sakanako-ibilaldia/
Imajinazioa erabili eta, ariketa egiten ari zarela nahiz balkoian edo sofan eserita, amets egin, irudikatu lagunekin ibilian zabiltzala Ibilaldiak zeharkatzen dituen tokietan barrena: Andia, Aralar, Larrazpil, Erga… Aprobetxatu kontroletatik edo hornidura puntuetatik igarotzean indarrak berreskuratzeko eta azken urteetan zehar ezagutu dituzun boluntarioak agurtzeko. Eta eguna merezi duen bezala amaitzeko, gozatu enparantzan txixtorra pintxoak eta sagardo fresko goxoa ibilaldiaren gorabeherak komentatzen eta goratzen dituzuela: ibilaldia bukatzeagatiko poztasuna edo halako urtetan bukatu ezin izan zenuela… dena delakoagatik.
Laburtuz, utzi irudimenari hegan egiten eta pentsatu 2021ean berriro gogo gehiagoz ikusiko dugula elkar.
Gora gu eta Sakanako Ibilaldia!!!