24 Jun, 24
UNRWAren Nafarroako ordezkariari 8.5000 euroko txekea eskuratuz eman zion amaiera Iratxo Mendi Taldeak XXXIII. Sakanako Ibilaldiari.

Jai-amaiera giroan bukatu nahi zenez 2024ko edizioa, mahaiaren inguruan bildu ginen 75 inguru lagun joan zen ostiralean. Uharteko Mirenen gidaritzapean prestatutako marokoar kutsuko afari bikaina mahairatu zen: kuskusa, oilasko errea, emakume marokoar batek egindako pasta goxoak eta, bukatzeko, te beltza. Dena bikaina, mahaikideek adierazi zutenez.

Jangela Palestinako banderaz eta UNRWAko salmenta postuaren alboetan jarritako panel eta argazkiz apaindua. Dotore.

Hori bai, “ukitu lokala” eman nahian, mundu musulman/arabiarrararekin inolako zerikusirik ez duten osagaiak ez ziren faltatu: Palacios enpresak Ibilaldirako emandako eta soberan geratutako txorizoak (aprobetxatu beharrekoak) sagardotan  egosiak eta sagardoa eta ardoa.

Afal ondoren, mahaikideok erne demontre jarri gintuen zozketa bikaina. Izan ere, Ibilaldian jaso gabe beratu ziren bost opari bikain zozketatzea erabaki zuten Iratxo Mendikoek. Hona opariak: Oreka Fisioterapiako masaje saio bat,  Bi Sisters Burger-ek eskainitako hiru bazkari/afari bikoitz eta Kubo jatetxearen bazkari bikoitza. Ideia bikaina zozketarena. Euro bateko 1.650 txartel saldu ziren eta kopuru hori gehitu zitzaion UNRWUAri egindako eskaintzari. Kopuru polita! Gainera, afarian 1.150 € garbi lortu ziren.

Zozketaren emaitzak zuzenen ikusi ahal izan genituen telebistan zenbakiak ausaz, aleatorioki, agertzen zituen programari esker. Sari batzuk bertan banatu ziren argazkiak eginez.

Ekitaldiko momenturik garrantzitsu eta esanguratsuenak eman zion amaiera afariari. Izan ere, Iratxo Mendi Taldeko kideek (Ibilaldiko kamiseta jantzita talde ederra osatzen zuten) UNRWAKO ordezkariari, Javier Moreno 8.500 €ko txeke ederra eskuratu zioten hilabete luzetako genozidioa eta neurrigabeko sufrimendua pairatzen ari diren palestinarren bizitzak zertxobait hobetzen laguntzeko.

Berandutu egin zen arren, uraren inguruko escape room joku didaktikoa ere egin zen goiko gelan eta gaua nahiko luzatu zen

Eta bukatzeko, eskerrak bihotzez, XXXIII. SAKANAKO IBILADIAn parte hartu zuten mendizale nahiz laguntzaile guztiei baita ostiralen afaltzen izan zinetenoi ere. Ahalegina luzea eta gogorra izan da, baina merezi izan du. Benetan!

Eta ea 2025erako zer asmatzen duten Iratxo Mendi Taldekoek. Ikusi egin behar.