01 Jan, 19
KOLESTEROLAREN DEIA

Trinitatean urteari agur egiteko Iratxoren hamahirugarren deiari sekula baino mendizale gehiagok  erantzun zion abenduaren 31an. Eguna zoragarri argitu zen, urdin eta alai, fresko bai baina ibiltzeko bikain. Horrela, goiz hasi zen iristen jendea tripa zorriak txistor eta urdai beroz baretzeko itxaropentsu, batzuek, Pikun, abiatu aurretik, txokolate beroa hartua zuten arren! Eguraldia lagun, inoiz baino haur eta gazte gehiago, gainera. Pozgarria!  Betiko adiskide zaharrek ere ez zuten hutsik egin eta parriletan erre ahala, amen batean desagertzen joan ziren txerriki kilo guztiak. Zenbat? Asko. Txistorra, metroka. Kolesterolari inolako beldurrik ez, antza. Kaleko giroa aparta zenez, jendea gustura eguzkitan, sabelak beteta.  Batzuk joan ahala, ordea, berriak sartzen ziren ermitauaren etxera. Bukatzeko, ohiko argazkia eskailerak mukuru beteta. Gogoan, nola bestela, utzi gaituzten Pituti eta  Peio. Datorren urtean ere gurekin izango ditugu.

ARGAZKIAK