01 Aug, 18

Gabarditoko aterpetik abiatuta 6 ordu inguruko  ibilbide zirkular ederra egin genuen uztailaren 28an, larunbatean. Hamaika lagun abiatu ginen iturrian ura hartu ondoren goizeko zortzietan. Xabier gaztetxoa ere  taldean zen. Ordu bi eta erdietan bazkaria Bisalticon eskatua genuen eta aurretik bainua hartu nahi bagenuen… mugitu beharra zegoen.  GR11 nahiko azkar utzi eta Agüerri tontorrera zuzen igotzen hasi ginen.  Ia goian zegoen artalde handi baten arrastoa segitzea aski izan genuen  bidean dagoen aterpe batera iristeko.  Handik gora, aldapa tentetu egin zen eta baten bati 2445 metroetara iristea gogorra egin zitzaion nahiz eta igoera ia osoa itzalean egin. Hori bai,  ahaleginak merezi izan zuen. Iparraldean laino pixka bat egon arren, beti bezain eder miretsi ahal izan genuen Acher berezia eta, ekialdera, Visaurin  harroa. Noizean behin, Midi D’Ossau ilunak ere  bere profila  erakutsi zigun lainoen gainetik “han” zegoela  frogatzeko.  Hamaiketakoa lasai egin (egote bikaina tontorrekoa), tragoxka batzuk zahatotik edo kantinploratik,  derrigorrezko argazki saioa historiara pasatzeko eta … jaisten hasi ginen. Aldapa nahiko zuzena Taxeras-ko  zelaitxora iritsi arte.  Ibaiaren ertzetik egin genuen behera aterpe ondotik pasatzeko eta xenda nahiko erosotik itzuli ginen berriz ere GR11ra eta kotxera. Errekan bota nahi genuen bainu freskoa beste baterako utzi behar izan genuen berandutu egin zitzaigulako.  Baina hori bai, iturri-askan ederki kendu genituen izerdi/hautsak  mahaian eseri aurretik. Bazkari bikaina, tragoxka bat Puente la Reinan eta  etxera. Egun dotorea.

Oharra:  Inbidia pixka bat baino gehiago pasa dezazun, hona egunak eskaini zizkigun argazki batzuk.

ARGAZKIAK