HOTZA!! Aspaldian pasatu dugun handiena, han, tontorrean, 1360metrora, urtarrilaren 22an. Haize zakarra eta oso oso hotza, ikaragarri. Hozka egiten zuen!! Eta hori, Monreal inguruan, batek ez zebilela batere haizerik esan, pozik. Argazkirik ere ez genuen atera! Gailurrera iritsi eta, korrika, S. Migel ermitaraino jaitsi behar izan genuen pareten babesaren bila. Pena, bai, baina ez zegoen tontorrean agoantatzerik Pirinioak zuri-zuri eta hurbil ikusten ziren arren. Argazkiak beste baterako utzi genituen.
Tontorrean ez zen elur handirik, egia. Han jotzen duen haizearekin… Hala ere, bidean geruza ederra zegoen eta zenbait tokitan ezpelak eta beste zuhaixka batzuk elurraren zamak ederki beheratuak zituen eta azpitik pasatzeko ongi makurtu beharra zegoen. Eta batzuen gerri gogorrentzat… Goiz ibiltzearen ondorioak.
Iristean, lehenak izan ginen Ardanazko aparkalekuan hiru kotxeak uzten. Oinak elur gainean jarri orduko, zalantza: polainak beharrezkoak ote dira? Batzuek zangoak babestu egin genituen, badaezpada, baina ez ziren beharrezkoak elurra izoztuta zegoelako. Bidean elurra eta izotza kristala bezala, tarteka. “Jaitsieran kontuz ibili behar!” Hala ere, ipurdiko batzuk hartu genituen.
Hamaiketakoa ermitaren ormen babesean egin genuen, presaka. Han ere ez zen giro! “Begira, botilako ura izoztuta dago!” ohartu zen neska bat.
Gu behera, kontu handiz, eta jende mordoa, gora. Gu baino lasaiago egonak ziren ohatzean. Aparkalekura iristean, dena beteta.
Hiru kotxeetan sartu ginen hamalau mendizaleak eta Artaitzeko eliza erromaniko ederraren munstroei begira egon ginen zer sinbolizatzen ote zuten asmatu ezinik. Ezer onik ez behintzat.