04 May, 15

SAKANAKO IBILALDIKO INTERES ARTISTIKO-KULTURALA

Sakanako Ibilaldian zeharkatzen eta ikusten diren parajeak ederrak eta paregabeak dira eta horrexegatik du halako arrakasta martxa honek. Hala ere, ez da ahaztu behar beste balio kultural, historiko eta artistikoa duten interes-guneak ere badituela. Merezi, beraz, du ibilaldia egiten den bitartean horietan erreparatzea edo, presak horretarako patxadarik uzten ez badigu, horiek ezagutzeko beste bisita bat antolatzea.

Ezin ukatu Aralarko Mikel Donearen santutegi erromaniko paregabea dela Ibilaldian ezagutu dezakegun eta bisitatu beharko genukeen altxor artistiko nagusia. Ez da bakarra, ordea. Izan ere, asko dira ibiltariaren arreta behar luketen beste altxor xumeago batzuk.

Has gaitezen, beraz, banan-banan aipatzen Ibilaldia egin bitartean.

Urrizolara joko dute Ibilaldi Luzeak nahiz motzak eta bidean, oso tarte txikian gurutzatuko ditugu Larraun eta Arakil ibaiak. Harrizko zubi dotoreak dira pasako ditugun biak. Gainera, Arakil zubiaren alboan uren gainean kulunkatzea gonbidatzen gaituen haritz dotorea hazi da. Zergatik ez zubitik jaitsi eta albotik begiratu?

Ibilaldi Motza aukeratu duenak Gaztelu mendian egin dezake bigarren geldialditxoa. Tontorrean, Nafarroako Erreinua defendatu zuten gazteluetako baten aztarnak aurkituko ditugu: Orarregiko gaztelua, Oskiako pasalekua edo igarobidea eta Arakil harana kontrolatzeko eraikia. Bi Ahizpetako tontor batean eraikitako Aiçita gazteluak laguntzen zion zeregin horretan. Hegoaldean Garañoko gazteluarekin komunikatzen zen Orarregi.

Dorre zirkularraren hormak nahiko ongi gordeta daude eta mendizale askok gotorlekuaren babesa bilatzen dute bere barruan haizetik babesteko. Ea erakunderen batek indusketa kanpainaren bat antolatzen duen Orarregiko gazteluaren hondarrak garbitu eta finkatzeko. Historiarekin zorretan gaude.

Ekain dute hurrengo interes-gunea Ibilaldi Motzekoek. Herri txiki honetako eliz atarian prestatuko digute hornidura. Elizaren atea xumea da. Baina ataritik bista zoragarria dugu Gaztelu nahiz Txurregira. Herria uztera goazela, ezkerrera, dorretxe bikain batek egingo digu agur.

IRATXO BILALDI MOTZA2013p. (41)Etxarrengo sarreran, eskola zaharretako hormako zeramikazko herriko armarriak egingo digu ongietorria. Eliza ez dugu ikusiko (hurrengo baterako utziko dugu) errepidearen beste aldean baitago. Herria zeharkatzean, hainbat etxedotore eta armarri ere bistan izango ditugu. Arakil ibaiaren zubi gainean gelditu behar genuke, aurrerago, errekari alde batera zein bestera begiratzeko.

Itxasperriko Santiago ermitarekin egingo dugu topo luze baino lehen. Eraikuntza erromaniko paregabea. Horma sendoak. Hegoaldean, portada ederra. Mendebaldean , haize, euri elur eta izotzen erasoei nekez aurre egin dien ate estu interesgarria. Barrutik ikusteko beste batean itzuli behar. Aukera, Egiarreta ezagutu eta elizako erretaula errenazentista (XVI. m) paregabea miresteko aprobetxa dezakegu.

DSCN1612p

Paisaiaren ederrak erakarri behar du gure arreta Goldaratzera bidean. Bi Ahizpak, Larraun ibaia eta bide zahar polita. Imozko bailaran sartuko gara eta Ibilaldi Luzearekin bat egin.

Bitartean, Ibilaldi Luzeko mendizaleek Txurregin geldialditxo bat egingo dugu ezinbestean, itoko ez bagara, behinik behin. Arnasa berreskuratu ahala, denbora aprobetxatuko dugu, paisaiaz gozatzeaz gain, Aiçita, Orarregi eta Garañoko gazteluak irudimenaren bidez bisitatu eta hiru gotorlekuen kokapen estrategikoaz jabetzeko.

OLYMPUS DIGITAL CAMERAEuskal Herriko Erdigune Geografikoa (14,6km Irurtzundik, 12 m) ibiltari askorentzat gune sinboliko garrantzitsua da eta geroz eta bisita gehiago jasotzen ari dena. Horren lekukoa mendizaleak harriz harri luzatzen ari diren espiral edo kiribil luzea. Harririk gehitu nahi?

1495 metroko tontorrean, mendizaleentzako aterpeari eta Donato eta Kaietano Deunen baselizari aterpea ematen dien harrizko eraikuntza baxu berritua. Haizeak ez eramateko edo, kontrahorma sendoz indartua. Teilatua, harlosazkoa. Barruan, aterpea eta, eskuinera, santuen eremua.

Uharten bada zer ikusirik. Herrian sartzean harrizko iturri ederra eta elizaren aurrean, plaza. Eliza bera, hiribilduak sortu zirenean jasotako kultu eta defentsarako eraikuntza sendo indartsua. Arkupe eta ate ederrak. Dorre gotortua. Etxe dotoreak ezker eskuin kale nagusian. Nahi izanez gero, Felipe Gorriti musikariaren jaiotetxea ikus liteke alboko kale paraleloan. Herria bukatzean Erdi Aroko zubi lirain batek jarriko gaitu Arakil ibaiaren ezker aldean.

Aralar aldera hartzean, Zamartzeko Andre Mariaren eliza erromanikoa (XII. mendearen erdialdea) ederra utziko dugu errepidearen hego aldean. Bisita beste baterako utzi behar. Aipagarriak portadako arkibolten arteko eta kapiteletako apaingarriak.

Aralarreko bide ertzean inguru honetan hain ugariak direnetako trikuharri edo jentil-harriak ikusi ahal izango ditugu. Horietako bat, Otsopasajekoa (978m). Gainera, ondoan, otsoak harrapatzeko inbutu/tranpa aurkitzen da. Erne ibili sasi artean nahiko ezkutuan daudelako.

Aralarko Mikel Deunaren santutegi aurrean izango dugu zain hornidura gunea. Nafarroan maitatuena eta bisitatuena den eraikuntzetako bat. XII. mende erdialdeko eliza erromanikoa. Ezagutu beharreko obra arkitektonikoa, zalantzarik gabe. Bereziki Limoges-eko tailerreko esmaltezko erretaula ospetsua. Santutegiari argazki bat bederen egingo diogu oraingoan.

Madotzerako bidean, Atako haran berde eta baketsuan, Erroldanen Harria, Aralarreko monumentu megalitiko ospetsua, ikus daiteke, bakar bakarrik.

DSC04696.webMadotz Larraungo lehen herria da ekialdean. Txikia, baina etxe ederrez apaindua. Hurrengo interes-gune aipagarria Larrazpileko trikuharria da. Nabarmena gaineko harlosa erraldoia. Bazuten bai indarrik Brontze Aroko euskaldun/jentil haiek. Nola mugi ote zitzaketen halako harritzarrak?

Goldaratzera salto azkarrean iritsiko gara ibiltariak. Imozko herri honetan bat egiten dute Sakanako Ibilaldi Motzak eta Luzeak; beraz elkarrekin ibiliko gara tarte batean

Goldaratzen ez da falta etxe ederrik eta, herria uztera goazela, apaizetxea eta eliza eta biak lotzeko zubi-pasaleku itxi bitxia. (“Apaizak hobeto” Goldaratzen ere. Edo oinak busti beharrik gabe, behintzat.)

Goldarazko bide zaharrak ederki erakusten digu lurralde hauetako bizitza zeinen gogorra izango zen. Bidea harkaitzetan ebakitzeaz gain iturri/lavadero/garbitegiaherritik hain urruti eraiki behar!!! Berreskuratu beharreko beste altxortxo bat.

Latasara heltzeko Plazaola zakarreko zubia zegoen tokian jarritako zurezko berritik pasako gara. Herri txiki honetan bada eraikuntza dotorerik, bereziki bukaeran dagoen etxetzarra. Eraikuntza gaitza eta ederra. Zer nolako lanak harri horiek denak lantzen!! Teilatu-hegalak ere begiak hara zuzentzea merezi du. Trinitaterantz hartu aurretik, Iregi errekako harrizko zubi zahar xumea ikusiko dugu.DSC03556.web

Ibilaldi Luzekoak Erga mendian gora egiten duten bitartean Motzekoak Plazaolako bidea hartzera jaitsiko dira Larraun ibairaino. Bide zabalean kilometro inguru egin ondoren, Arrantzaleen xendan Larraun errekaren beste aldean zegoen Ferreriarako burdingaia ateratzeko meatzearen ahoa eta azalpenak emateko argibide-taularekin egingo dugu topo. Bi Ahizpa paregabeak bistaratzean, gogoan izan, han goian, tontorrean daudela Aiçita gazteluaren aztarnak. Hurrengo batez itzultzeko aitzakia.

Irurtzunen sartzean krisi ekonomiko basati honek utzitako ondorio latzen lekuko bikaina: 1000 langile izatera iritsi zen INASA aluminio fabrika hutsa, herriaren eta inguruko herrien motor eta eragile ekonomiko izandakoa.

Ikusi bezala, badu bai interes-gune kultural historikorik Ibilaldi Motzak.

Ibilaldi Luzekoei azken igoera gogorra geratzen zaigu beste interes-gune batera iristeko: Trinitateko baseliza. Balio artistiko berezirik ez duen arren, kokapenak berak eta eskailerak eta hormak eraikitzeko erabilitako harritzarrek txunditu eta harrituko gaituzte.

Irurtzunera heltzea geratzen da soilik. Kokapen estrategikoan sortutako herria. Paraje zoragarrian. Edozeinek pentsa dezake nola egin litezkeen halako astakeria eta basakeria urbanistikoak herri batean. Egin ziren, ordea, eta ez dago atzera bueltarik. Irurtzundarrok inork baino hobeki dakigu herri zatarra eta itsusia dela… baina bertan bizi gara eta maite dugu.

30 Apr, 15

IZEN EMATEA

Izenematea / inskripzioa  ibilaldiaren eguna baino lehen egitea animatzen zaituztegu. Horrek antolaketan asko lagunduko liguke eta, gainera, denontzat hobea da:  errenkadak ekiditen ditugu,  azken momentuko prisak…

Maiatzaren 6a arte duzu epea eta, ez ahaztu: ezin da transferentziarik egin; on line egin behar da eta txartel bidez ordaindu. Sar zaitez “Inskripzioak” atalean.  www.zirkuitua.com  orrian ere egin dezakezu.

Aurten izenemateak ezin dira Mendiz mendi bidez egin!!!!

Sakanako Ibilaldian inskribatzean arazorik baduzu, jarri harremanetan helbide honekin: iratxomendi@gmail.com.

14 Apr, 15

Uharte Arakil -Ekai 2015-04-12

 

Iratxo Elkarteak mendi irteera antolatu zuen joan den igandean. Negua atzean utzi eta udaberriko eguzkia probestuz Uharte Arakiletik Ekaira egin genuen ibilbidea. Bide zaharrak eta pistak zapalduz joan ginen poliki poliki Uharte-Arakil, Irañeta, Ihabar, Satustegi, Zuhatzu  atzean utzen eta Ekaira ailegatu ginen. Eguraldi espeziala eta oso tenperatu ona ibiltzeko. Hamar lagun egin genuen ibilbidea. Hala ere somatu genuen falta batzuk. Non zegoen Ramon? Eta Alizia?, Doris? Socorro? .. Hurrengoa,  Andosillara. Esparragoak eta ardoa berria probatu behar.

06 Mar, 15

IMOTZKO itzulia 2015-03-01

Orain dela bi urte egin genuen lehendabiziko aldiz Imotzko itzulia. Hasieratik, ikusi genuen zer posibilitate politak ematen zituen. Ibilbide goxoa, herri politak, etxe ondoan, goizean hasi eta eguerdirako bukatu eta erdi-erdian, Etxalekuko Ostatua. Gosaldu, indarrak hartu eta jarraitu bigarren zatia egiteko.

Aurten zorte handirik ez dugu izan eguraldiarekin. Aurreko astean euria eta euria. Hala ere, igande polita egon zen. Tenperatura ona eta bukaeran ia-ia beroa.

Hogei lagun inguru elkartu ginen Latasan eta hortxe bertan bukatu genuen. Goiz polita. Hurrengo urtean, faltarik gabe, hor egongo gara.

El lavadero de Etxaleku.

20 Feb, 15

IMOTZKO ITZULIA HURRENGO IGANDEAN

Martxoaren 1ean Iratxo mendi elkarteak Imotzko itzulia eginen du. Latasatik hasi eta lehenengo geldigunea Etxalekun izanen da. Gosari beroa izanen dugu eta ongi gosaldu ondoren bigarren zatia eginen dugu. Beramendi, Udabe, Urrritza eta Latasara. Eguerdirako etxera.

Herri politak, bidea erreza, gosari ona eta lagunak ezin hobeak . Zer gehiago eskatu daiteke ?. Iratxoko lagun guztiak gonbidaturik zaudete.