22 Mar, 23

SAKANAKO IBILALDIA 2023-04-29

HIMALAIARA MENDI ETA IÑAKIREKIN

                 Ezagunak zaizkizu bi pertsonaia hauek. Baietz, ba.  Mendi, Sakanako Ibilaldiaren aspaldiko maskota ibiltaria da (aurten inoiz baino dotoreago ageri da gure txartel eta kamisetetan) eta Iñaki Ochoa de Olza, berriz,  Annapurnan bizia galdu zuen  nafar alpinista ospetsu eta maitatua.

Bada, aurtengo XXXII. SAKANAKO IBILALDIA  III. OCHOA DE OLZAREN  MEMORIALA  da eta bere  helburu nagusia  I. Ochoa de Olza-SOS Himalaya Fundazioarentzat baliabide ekonomikoak, dirua, lortzea da.

Fundazio hau 2009an sortu zen, Iñakiren oroimena kontserbatu, zabaldu eta bukatu gabe utzi zituen lankidetza-proiektuei jarraipena emateko. Iñakik Himalaiako biztanleei oparitu ziotenaren zatitxo bat, bederen, itzuli nahi izan zielako. Zertan? Hezkuntzan eta osasungintzan, funtsezko bi eskubide horiek bermatuz.

Esan bezala, Iñakik eta Mendik bat egin dute 2023ko Sakanako Ibilaldian eta, amestutako bidaian, Nepalera joateko gonbita luzatu digute, Makalu bailarako Seduwa herrira, Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaia Fundazioak bertan martxan jarri nahi duen Makalu ospitaleari laguntza ematea. Eta zu ere, mendizale, zure ekarpena egiten ari zara. Dakizunez, zure izen-ematearen kuotaren 2€ Fundazioarentzat izango dira, zure poltsikotik Himalaiara joango dira Mendi eta Iñakirekin batera. Mila esker, bihotzez, Iratxo Mendi taldearen izenean.

Fundazioaren proiektuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu www.soshimal.org

07 Feb, 23

XXXII SAKANAKO IBILALDIA, ABIAN

Gutxigatik, baina Marmotaren egunari aurrea hartu genion XXXII. Sakanako Ibilaldia prestatzen hasteko, pare bat egun besterik ez. Zaila da oso neguko lozorrotik esnatzea, baina manten berotasun goxoa utzi eta lanean hasi besterik ez dago, apirileko azken larunbata abisatu gabe iristen baita.

Urtarrilaren 31n, hain zuzen ere,  2023ko Ibilaldia prestatzeko lehen bilera egin genuen Iratxo Mendi Elkartean. Lehen urratsa egina dago; ez dago atzera bueltarik.

Beraz, mendizale guztiok hitzordua dugu Irurtzunen 2023ko apirilaren 29an, hileko azken larunbatean. Aurten ere besoak zabalik egonen gara zuen guztion zain. Ongi etorri!

Nobedadeak? Ez dugu uste asko izango direnik, baina garaiz jakinaraziko dizkizuegu.

Mila esker gurekin jarraitzeagatik.

27 Jan, 23

IZAGAKO EGOERA

HOTZA!! Aspaldian pasatu dugun handiena, han, tontorrean, 1360metrora, urtarrilaren 22an. Haize zakarra eta oso oso hotza, ikaragarri. Hozka egiten zuen!! Eta hori, Monreal inguruan, batek ez zebilela batere haizerik esan, pozik. Argazkirik ere ez genuen atera! Gailurrera iritsi eta, korrika, S. Migel ermitaraino jaitsi behar izan genuen pareten babesaren bila. Pena, bai, baina ez zegoen tontorrean agoantatzerik Pirinioak zuri-zuri eta hurbil ikusten ziren arren. Argazkiak beste baterako utzi genituen.

Tontorrean ez zen elur handirik, egia. Han jotzen duen haizearekin… Hala ere, bidean geruza ederra zegoen eta  zenbait tokitan ezpelak eta beste zuhaixka batzuk elurraren zamak ederki beheratuak zituen eta azpitik pasatzeko ongi makurtu beharra zegoen. Eta batzuen gerri gogorrentzat… Goiz ibiltzearen ondorioak.

Iristean, lehenak izan ginen Ardanazko aparkalekuan hiru kotxeak uzten. Oinak elur gainean jarri orduko, zalantza: polainak beharrezkoak ote dira? Batzuek  zangoak babestu egin genituen, badaezpada, baina ez ziren beharrezkoak elurra izoztuta zegoelako. Bidean elurra eta izotza kristala bezala, tarteka. “Jaitsieran kontuz ibili behar!” Hala ere, ipurdiko batzuk hartu genituen.

Hamaiketakoa ermitaren ormen babesean egin genuen, presaka. Han ere ez zen giro! “Begira, botilako ura izoztuta dago!” ohartu zen neska bat.

Gu behera, kontu handiz,  eta jende mordoa, gora. Gu baino lasaiago egonak ziren ohatzean. Aparkalekura iristean, dena beteta.

Hiru kotxeetan sartu ginen hamalau mendizaleak eta Artaitzeko eliza erromaniko ederraren munstroei begira egon ginen zer sinbolizatzen ote zuten asmatu ezinik. Ezer onik ez behintzat.