BISAURINEKO ZIRKULARRA.

Aurreko larunbatean eguraldi txarrak irteera bertan behera utzi arazi behar izan bazigun ere, abuztuaren hiruko giroa aparta izan zen. Bero xamarra agian, baina ezin hobea: zerua urdin eta tenperatura ona, haize hegoak, egunak aurrera egin ahala gehiegitxo berotu bazuen ere.
Lizarako aterpea zortzi eta erdiak jota utzi genuen eta itzal freskoan eta hamasei kideko ilara luzean joan ginen atzean uzten bideko bi aterpeak Pleta Mistresako larre goxoetara heldu arte. Tripa-zorri guztiak esnatuak genituen bi ordu kotxez eta ordu luzea oinez eman ondoren eta hamarretakorako garia ongi heldua zenean, bide gidari izan genuen errekatxoa desagertu egin zen eta bere bila jaitsi ginen, badaezpadakoan eta gogo handiegirik gabe, egia esan, ur fresko bila. taldeko batek, ordea, metro batzuk galtzeari uko egin zion.


Jan edanak egin eta ur-ontziak beteta, igoerari lotu gintzaizkion berriro nahiko sakabanatuta eta elurtegi txiki bat zapaldu genuen Secuseko lepora iritsi aurretik ezkerrera hartzeko. Ibilbideko zatirik zailtxoena hauxe izan zen eta harkaitzari helduta igo behar izan genituen zenbait zati. Mikel eta Egoitz gaztetxoak, zoratzen. Engainatu egin genuela, Amaliak. Hala ere, ia konturatzerako goiko lepoan ginen (baten bat haserretuko da hau irakurtzean txakalaldiak jota behera egiteko mehatxua ere egin baitzuen) eta taldea elkartu eta tragoxka bat eginda, azken malda piko belartsuan hartu genuen eskuinerantz motorrik gabeko hegazkin hegal luze txuri isilaren begirada pean.


Ekialdeko tontorrera iritsita ohartu ginen Bisaurin ezkutuan izan genuela bide osoan, aurreraxeago jende pila ikusi arte. Hori zen, bai, gure helmuga eta saria. Paisaia zoragarria edonora ere begiratuta: Acher, Midi d’Ousseau iluna eta, ekialderago, Vignemale, Infierno eta abar luzea. Elur gutxi, urtetik urtera gutxiago, zoritxarrez.
Zerbait pikatu, zahatoari azken tragoak ebatsi, eta ohiko argazki saioaren ondotik, jaitsiera luzea bazkal aurretik. Lehenengo zatia, kontuz egitekoa, ipurdikoren bat hartu nahi ez bazen. Hala eta guztiz ere… Lo Foraton lepoan elkartu ginen berriro guztiak. Guztiak, ez, Asentsio Kontxiren bila joana baitzen ordurako. Oraindik ia 500 m jaitsi behar GR 11 xenda erosoan. Amaliak aldapa gorak nahi zituela. Ustekabeko iturritxo bateko ur freskoa gozatu eta aterperantz jo genuen. Azken etapa. Fuente de Fuenfría eta Lizaran bazkaria zain.


Jendea pozik. Batzuentzat Piriniotako lehen esparientzia zen eta, gogorra egin arren, gustura. Beste batera itzultzeko prest.

Argazki gehiago: https://www.iratxoelkartea.com/multimedia/fotos/montana/