2020ari agurra

Kaixo, mendizale hori:

2020ari agur esateko unea iritsi zaigu; urte berezi hau ere joana da. Azkenik!!!  Ez. Ez gara urteari ezer txarrik leporatzen hasiko. Izan den bezala izan da eta kitto! Onartua dugu.

Genituen asmo eta plan gehienak zapuztu zaizkigu. Mendizale “zaharrok” ekintza eta irteera antolatuak alde batera utzi eta talde oso txikitan eutsi diogu geure zaletasunari. Edo ia bakarka. Tristea izan da, benetan. Baina, harrigarria badirudi ere,  gure mendi eta paraje ederrak lepo egon dira: familia osoak, neska zein mutil gazteak, jende heldua…  Mendi zaletasuna bat-batean berpiztu balitz bezala.  Pozgarria! Ongi etorri mendizale berri horiek!!

Susmoa, naturaren deiari erantzunez baino hiritik ihesi hasi ote diren mendian gora. Berdin dio! Ziur bat baino gehiago ohartu dela zenbaterainoko gozamena sentitzen den hain gertu ditugun paraje eder  horiekin gozatzea. “Zeinen ederra!!” ateratzen zaio behin baino gehiagotan bihotzetik, ezagutzen dugun bati.

Eta eskaera xumea: ahalegin berezia egin behar dugula guztiok, mendizale “zaharrok” nahiz berriek edertasun hori guztia bere horretan mantentzen, naturari bere lana egiten uzten.

Eta orain suziria!! ONGI ETORRI 2021! Zoriontsuak izan gaitezela eta ia aukera izaten dugun plan berriak prestatu (gutxi batzuk behintzat) eta lagunartean gauzatzeko. Mendiak elkartzeko aukera emango ahal digu!! Ikusi arte! Besarkada bat.

IRATXOKO MENDI TALDEA