Elkarteen Eguna 2017

 

RESISTIRÉ / EUTSIKO DIOT

Rokero zaharren oihu eta indar erakusketa? Dúo Dinamico-ren abestia izan 2017ko Elkarteen Egunari amaiera emateko azkenetako kanta. Bazkal ondoko giro ezin ederragoan, mendizale beteranoak, neskak lehenengo eta gizonezko batzuk ondoren, kantuan eta dantzan jarri zituzten Irurtzungo Trikitilariek Elkarteen Eguna bukatu aurretik. Lagunak-eko gitarrista bat eta perkusionista bat gehitu zitzaizkien berehala eta orkestra inprobisatuak sortutako giroa, aparta izan zen.

Arratsaldeko seiak aldera autobusak zain, mahaiak eta aulkiak biltzen batzuk, kantu eta dantzan talde handia. Trikitilari gazteak, harrituta. Festa bukatu nahi ez. Resisriré!

Horixe izan baitzen 2017ko Elkarteen Eguna, festa oso osoa. Mendizale gehiegirik ez zela izan? Gutxi ere ez, ordea. Izan ere, goiza mendian eman zuten 300en bat mendizale izan ziren Irurtzungo eskoletako frontoian bazkaltzera eseri zirenak.

Boscos eta Iratxo mendi taldeek bi ibilbide eder prestatu zituzten egunerako eta 300 bat lagun abiatu ziren goizeko 9etan erabakitako aukerari gogotsu heltzeko. Eguraldi kaxkarra, egia. Baina zeharkatutako parajeek ez zuten edertasunik galdu. Urrutira begiratzea alferrik zela lainoa hurbilegi zegoelako? Ez dio axola. Beste batean bide hauek egiteko aitzakia bikaina. Trinitatea eta Erga mendia ezaguna zen asko eta askorentzat, baina tontorretik errepidera eta ondoren egin genuen Arrantzaleen Bidea ezezagunak ziren askorentzat. Bat baino gehiago harrituta utzi zuten ezagututako txoko ederrek.

Eta mendian 3, 4 edo 5 ordu eman ondoren herrira iritsitakoan prest zuten ongietorri beroa: txistorra eta sagardoa nahi adina.

Bazkaria eta bazkalostea nola joan ziren azaldurik geratu da. Elkarteen Eguna ezagutzen ez zuen kronikatxo hau idatzi duen mendizale beteranoa guztiz harritu zuena sortutako giroa izan zen eta, bereziki, “Resistiré” ozena. Elkarteen Eguna bera ere zalantzan dagoen garai hauetan (zein izan ote da inkestaren emaitza?), jaiari eusteko asmoa adieraztea etorri ote zen Dúo Dinámicoren kanta?

Comments are closed.