Mila esker, bihotz bihotzez, XXX. Sakanako Ibilaldian gurekin izan zineten guztioi baita izena eman eta etortzerik izan ez zenuten mendizale haur, gazte et eta heldu guztioi. Eskerrik beroenak Iratxo Mendi Talde xume hau osatzen dugunon partetik eta, aurretik, egunean bertan eta ondoren, gurekin lanean aritu ziren kolaboratzaile guztien partetik.
Pello Alzuetaren galera sufritu genuenean, gure Presidenteari omenaldi bat egitea erabaki genuen Sakanako Ibilaldia aurten ere antolatuz eta, “Pello gogoan”, horretan saiatu gara geure gaitasun eta ahalmen guztiak bilduz. Eta ahaleginak merezi izan du eta nola! Izan ere, aurtengoa izugarria izan da, espero ezin genuena. Horregatik, berriz ere, eskerrak bihotzez.
Marka guztiak hautsi ditu XXX. Sakanako Ibilaldiak: 1418 izan zarete Ibilbide Luzean, Motzean nahiz Txikian parte hartzeko izena eman duzuenak. Apirilaren 27an ere 300 lagun baino gehiago inskribatu zineten kamiseta ez zenutela ziurtatua abisatu arren. Iratxo Mendi Taldearekin bat egiteko asmoa erakutsi zeniguten eta geuk ere antolakuntza mailan gauza gehienak txukun egiten ditugula adierazi. Arrakastak erronka berriei erantzuteko/aurre egiteko berriz ere indarrak bildu beharko ditugula erakusten digu eta hala eginen dugu: eutsi.
Hala ere, XXX.ean gauza guztiak ez ziren antolatzaileok nahi bezala joan eta akatsak onartu beharrean gara. Izan ere, Madotzeko kontrolean Ibilaldi Motzeko zuetariko mendizale askok itxaron behar izan zenutena akats handia da. Horregatik, bihotzez, gertatutakoa sentitzen dugula adierazten dizuegu eta barkamena eskatu eta horrelakorik errepika ez dadin konpromisoa hartu. Mila esker egoera hain patxadatsu hartu izanagatik. Oso gutxi izan zarete ibilaldiaren amaieran kexatu izan zaretenak eta, egia aitortzekotan, ez zitzaizuen arrazoirik falta izan. Hotzak egon zinetenok ere datorren XXXI. Sakanako Ibilaldian Irurtzunen nahi zaituztegu.
