01 May, 18

XXIX. SAKANAKO IBILALDIAK  eman ditu eman beharrekoak eta, bere bidea erabat bukatu eta XXX.ari ateak ireki aurretik, eskerrak eman nahi dizkie, bihotzez, aurtengo ekitaldia posible egin duten guztiei.

Hasteko, mila esker izena eman zuten guztiei eta egunean txintxo agertu zirenei nahiz etortzerik izan ez zutenei ere.  Lagun zahar leialei eta, nola ez, lehen aldiz gurekin izan ditugunei. Asko eta asko izan dira eskerrak emanez agurtu zaizkigunak eta, guretzat, ez dago hori bezalako saririk. Berriz ere gurekin nahi zaituztegu.

Eskerrik beroenak, nola ez, Ibilaldi Txikiko mendizale goiztiarrei eta animatzaile izan dituzten gurasoei. Etorkizunari itxaropenez begiratzeko “arrazoi txikiak” handiak dira.

Esker aunitz Ibilaldiaren egunean eta aurretik laguntzaile izan ditugun kolaboratzaileei ere. Nola garbitu eta markatu bideak horiek gabe? Nola jarri herriko pankarta informatibo guztiak? Nola zaindu aparkalekuak? Nola egin inskripzioak eta irteera eta amaiera antolatu? Nola zaindu behar bezala kontrolak eta hornidura guneak? Nola…? Iratxo Elkarteko Mendi Taldeko antolatzaileentzat energia iturri zarete guztiak.

Babesleak ahaztuko genituela? Ez horixe! Horien parte-hartzerik gabe ez litzateke posible Sakanako Ibilaldia. Beraz, eskerrik beroena  zuentzat  ere.

Eta, amaitzeko, esker infinituak eguraldiaren arduradun ezezagunari ere. Iragarkiek egun kaxkarra aurreikusten zuten arren, zeruen zaindariak eguraldi zoragarria eskaini zigun Sakanako Ibilaldia osatzen dugun familia zabalari. Ea datorren urtean ere hain ederki portatzen den!

Amaitzeko (orain bai) Sakanako Ibilaldiaren antolatzaileen izenean eskerrik asko aipatutako guztiei eta aipatu gabe utziko genituen beste hainbati ere.