Imozko itzulia eta, tartean, hamaiketakoa, Etxalekun. Igande goizerako menu tentagarria. Eta erantzuna ezin hobea: 31 mendizale eta bost txakur ibilbidean. Hamaiketakoagatik, agian?
Zortzietan Iratxotik irten, kotxeak Latasan utzi eta bideari gogotsu ekin genion. Eguraldia, aparta. Soroak izotzak zuriz jantzita, baina ibiltzeko giro aproposa. Basoan sartu orduko, lokatza, ez gehiegi. Eguzkia, aurrez aurre, egun ederraren opari. Erasoko pista ondoko borda inguruko zuhaitz eta sasiak harrigarri “apainduak”: plastiko zatiak, zakuak, praka zaharrak, zarpailak… Edozein harritzeko moduko dekorazioa. Zergatia? Jabeari galdetu behar. Norbait zikinkeria saltatzeko modua izan zitekeela esatea ausartu zen. Auskalo!
Errepidean 200 bat metro eginda, azkar egin genuen topo Errotazar erreka dotorearekin. “Soasoko mailak” ziruditela irten zitzaion bat, aurrerago, harrituta. Polita! Ibaia gurutzatu eta berehala Zarrantza igo ginen eta, Oskotz aurrean genuela, Etxalekurantz hartu. Hamaiketakoa zain genuen eta ez zegoen denbora galtzen ibiltzerik
Mahaian eserita nahiko luze egon ginen, hamaiketakoa oparoegia izan ez bazen ere. Ibiltzeko arin xamar gelditzea hobea delako kontsolamenduan talde-argazkia ostatu aurrean egin eta bigarren zatiari heldu genion.
Etxaleku uztean altura pixka bat irabazi genuen eta horrek elurrez jantzitako Malloen bista zoragarria eskaini zigun. Errepidea, lehenengo, eta, aurreraxeago, Basaburua ibaia gurutzatu ondoren, Beramendira igo ginen eta, herri honetatik, erreka potolora jaitsi eta zubi eder batetik gurutzatu genuen.Borda baten ondoko soroan sartzean, bertako bospasei behorrak, erotuta, ziztu bizian hasi ziren korrika, sasoian zeudela erakutsi nahian bezala. Argazkilariek ez zuten aukera alperrik galdu. Erreka bazterreko zokoak, zoragarriak. Udan ere gozamena izango da itzalean bainu hartzea. Baserri zahar pare bat atzean utzi eta, Basaburua beti lagun, Urritzara daraman pista zabala hartu genuen. Herrian sartzean emakumeak argazki eskean hasi ziren eta baita lortu ere. Plazaolako bidea hartu eta berehala kotxeetan ginen, Latasan.
Itzulia gehienei ederra iruditu zitzaienez, berriro itzultzeko asmoa batek baino gehiagok erakutsi zuen. Ia hurrengoan Imozko itzuliak ez duen tranparik eta ez garen Basaburuako bailaran sartzen.