IMOZKO ITZULIA 2022

Ohikoa bihurtu den ibilaldia iritsi da, beti bezala, otsailean, negu gorrian. Hori bai, eguraldi ona ziurtatua dugu! Beraz, beldurrik gabe eman izena larunbata baino lehen.

Iratxotik Latasara kotxez joanda ekingo diogu itzuliari Zarrantzerantz, 11:00ak aldera Etxalekura iristeko. Hamaiketakoa zain izango dugunez, ez gara bidean denbora galtzen ibiliko, arrautzak, txistorra, urdaia… hoztu egingo baitira bestela. Hori bai, labadero ondoko argazkia ez dugu utziko. Kafetxoa hartutakoan, Beramendira helduko gara eta hemendik, ibaia bigarrenez gurutzatuz, Urritzako bidea hartuko dugu. Aurten Basaburua erreka dotore egongo da eta berari begira gozatu ederra hartuko dugu. Ea aurten kontu berriren bat esaten ote digun. Ongi bidean, Latasara 14:00ak aldera iritsiko gara.

Esandakoa, ibilbide erakargarria eta hamaiketako beroa. Zer gehiago behar duzu igande goiza gozatzeko? Ez galdu aukera bikain hau!