XXXI. SAKANAKO IBILALDIA, ZALANTZATIK LASAITASUNERA

XXXI. Sakanako Ibilaldiari iristea behar baino gehiago kostatu zaio, baina itxaronaldiak merezi izan du. Izan ere, bi urteko atzerapenaz ailegatu da 2022ko apirilaren 30ean eta itzuli, inoiz baino indartsuago itzuli da.

Bat baino kezkatuta zebilen ibilaldiak indarra galtzen ari zirelako mendi lasterketen gorakadaren aurrean, “Ez dute etorkizunik” esatera ere iritsi izan dira zenbaitzuk.  Iratxo Elkarteko Mendi Taldean ere zalantzaren harra erraietan handitzen ari zen. Izan ere, Covid madarikatuak bi urte luzez eragotzi du XXXI. Sakanako Ibilaldia antolatzea. Bitan utzi behar izan genuen bertan behera, 2020an eta 2021ean .

Azti gaiztoen iritzien kontra, Iratxoko mendizaleok urtarrilean bertan ekin genion Ibilaldia prestatzeari, eta, egia esan, zalantzaz beterik hasi ginen lanean. Antolatu egingo genuen, bai, baina nola egin inskripzioak, internetez soilik ala egunean bertan ere eskainiko genuen izena emateko aukera? Zenbat kamiseta opari eskatu hornitzaileari? Sakanako Ibilaldia bezalako ekitaldi batek eskatzen dituen lanak burutzeko nahiko boluntario izango ote genuen? Eta, azkenik eta garrantzitsuena, zein izango ote zen mendizaleen erantzuna?  Hala eta guztiz ere, itxaropenak zalantzak gainditu zituen eta 2022ko erronkari gogotsu heltzea erabaki genuen. Ez zitzaigun ausardiarako arrazoirik falta: Iratxon bi urte lehenago sartu ziren bazkide gazteei Ibilaldiaren abenturan itsasoratzeko gonbitea luzatu genien eta ongi baino hobeki erantzun zuten.  Indar berriak batu zitzaizkigun aurrera egiteko.

Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka,  joan ginen gauzak erabakitzen eta lanekin aurrera egiten. Urratsez urrats. Ikusten ez diren lanak hasieran: Ingurumen Sailari eta beste hainbati (Irurtzungo eta Imotzeko udalei, besteak beste) beharrezko baimenak eskatu, ezinbesteko laguntza lortzeko  babesleekin harremanetan jarri, mendizaleei bidean zen XXXI. Ibilaldiaren berri eman, bideak garbitzeko plana prestatu (gazteen erantzuna honetan ere aipagarria eta eskertzekoa)… Egia esateko, zenbait gauza aurreratuak genituen, logoa esaterako, 2020ko ekitaldia erdi prestatua genuelako, baina lan mordoa genuen oraindik aurrean eta erabakiak hartu behar ziren zalantzak baztertuta.

Trena abian zen eta ez zen geldituko.  Kostata, baina inskripzioak internetez soilik egingo zirela erabaki genuen, egunean bertan ez zela izena emateko aukerarik izanen. Covidak sortutako ziurtasun eza arrazoirik garrantzitsuenetakoa, besteak beste, nahiz eta  izen emateak azken momentuan ere egiteak eragozpen, lan eta larritasun bat baino gehiago sortzen zuen.  Lan eta kezka gutxiago, beraz D egunean.  Eta, ezinbestean,  apustuen garaia iritsi zen: “800 baietz”, “Ez gara iritsiko”…   Eskatutako kamisetak, 1.200. Asko.  “Patatekin jan beharko ditugu”.

Apirilaren 1ean ireki zen inskripzioen epea. 26a, azken eguna. Egun luzeak zalantzak egosteko. Eta jendea, pixkanaka, izena ematen joan zen. “Gaur 20 fitxaketa berri”. “Jendeak ahal den guztia itxarongo du nolako eguraldia izango den jakin arte”.  “Begira Altsasukoan zeinen jende gutxi dagoen; mendi ibilaldiek maldan behera doaz”.

Baimenak iristen joan ziren (burokrazia jasanezina), bideak garbitu ziren, babesleak lortu genituen, boluntarioekin harremanetan jarri ginen eta oso ongi erantzuten hasi zirela ohartu ginen: ez zuten oraingoan ere huts eginen… Azken egunetako lanak geratzen ziren, baina gurpila ez zen geldituko. Funtsezko eginkizun bat: hornidurarako zer eskatu erabaki behar zen. Gizarteak bizi zuen egoera aintzat hartuta, erabaki korapilatsua.   Agintariek ezarritako Covid neurriak bete beharko genituen eta plastikoz bildutako pasta eta opiltxoak ekarri genituen ikusteko. Platano eta laranjarik eskaintzeko aukerarik izango ote genuen?  Fruitu lehorrak nola banatu?  Pintxoak banatzeko paperezko zorro txiki oso aproposak aurkitu eta erosi genituen geure bileran erakusteko… Zalantzaz josiak.

Gauzak pittinka argitzen joan ziren, ordea. Hornikuntzetan jakiak bildu gabe eskaini ahalko zirela erabaki zuten agintariek  apirilean. Nahitaezkoa, hori bai, higiene neurriak zorrotz betetzea. Kontroletako arduradunek eskuak xaboiaz garbitu behar zituzten edo hidrojela erabili. Beraz, aurreko “normaltasunera” itzultzen ari ginen. Kezka gutxiago.

Izen-emateak aurrera zihoazen eta norbait, ezkutuan urtero bezala, inskribatuen fitxak egiten. Eskerrik asko, nola ez, lagun ezkutuari ere.  Inskribatuak, esan, bezala, pixkaka, baina gora, etengabe: 400, 500… 800ak geroz eta hurbilago. Aurrekontua salbatzetik gertu. “1.200era iritsiko gara, ikusiko duzue”, baikor amorratu batek. Eta hala izan zen: apirilaren 26aren bukaeran ia 1.198 ibiltari ziren izena emandakoak: Luzean 411; Motzen 561 eta Txikian 226. Gainera, izen-ematea itxitakoan  ere jendea deika eta deika ia inskribatuko genituen.  Penaz, baina ezetz esan behar.

Eta kopuru handi horrekin, presa. Txokolate, pasta eta fruitu lehor gehiago eskatu behar, laranja eta platano gehiago… Zorioneko presak.

Azken egunetako lanak ere modu egokian ari ziren burutzen: bide-markaketa egina, irteerako azpiegitura guztia prest: mahaiak, irteera emateko pasabideak ongi seinalatuta… Iratxon, berriz, emakume talde bat salda eta kafea prestatzen, goiko solairuan txistorra (80 kg) hagatik zintzilik…  Arratsaldean kontroletako arduradunak ere bajeratik pasatzen joan ziren janari eta edariak, neurri desberdinetako zakarrontziak (bakoitzean zer bota ongi markatuta), erretiluak, baso berrerabilgarriak, botikinak… hurrengo egunean kontroletara eramateko. Elikagaiak eta tresneria guztia, azken batean. Baita bete beharreko arauk ongi markatuta jasotzen zuen orri parea. Baina kontroletan  aritzen diren  boluntario beteranoek eskarmentu handia dute aspaldidanik, ederki  ezagutzen dute egin beharrekoa. Ez dute instrukzio beharrik.

Egun handian, apirilaren 30ean, makineria osoa goizeko 5etarako martxan zen; ez zegoen lotan geratzerik batek baino gehiagok gaua erdi esna emana izan arren: aparkalekuak kontrolatu eta antolatu behar zituzten arduradunek, Iratxon kafe beroa eta pastak eskaini hain goiz ohatzea utzi behar izan zuten Ibilaldi Luzeko parte-hartzaileei… Egunari argitzeko ordu pare bat falta bazitzaion ere, antolatzaileen txaleko horiak Irurtzungo kaleetan nonahi ikus zitezkeen.

Eta Atakondoa pilotalekuan dena prest. Txartel banaketa 5:30erako hasia zen eta mendizaleak heltzen zihoazen.  Irteerarako jarri ziren zenbakiz markatutako pasabideak betetzen joan ziren. Goizeko 6:00etan suziriak eztanda egin zuen, txintxo, pasabideetako zinta kendu zen eta 5 minutuan abian ziren Luzeko mendizaleak. Dena bikain joan zen. Egunsentia, bikaina. A zer eguna zetorren! Ibiltzeko aparta.

Zazpi eta erdietan Motzekoen txanda izan zen eta bederatzi eta erdietan, berriz, Txikikoena. Egoerak eta galderak, berberak: “Non jasotzen dira txartelak”, “Zenbakia ez dut gogoan”, “Horman dituzu zerrendak, begiratzeko”. Aipatzekoa hiru belaunalditakoak ere izan genituela abiapuntuan: aitona, semea eta hilabete gutxiko haurtxoa. Argazkia ongi merezia zuten. Sakanako Ibilaldiak badu etorkizunik.

Azkeneko ibiltariek alde egindakoan eta antolatzaileak bakarrik gelditu zirenean, galdera aipagarria: “Merezi du frontoia garbitzea?”. Zorua eta harmailak ere txukun eta erabat garbi zeuden: hosto bat eta paper zatitxo bat besterik ez lurrean. Mendizaleen portaera benetan eskertzekoa eta aipagarria! Gezurra dirudi adin guztietako 1.200 lagun bertatik pasatutakoan  nola egon zitekeen Atakondoa frontoia horren txukun.  Zorionak parte-hartzaileei izandako jarrera zibikoagatik!

Mendizaleak bidean eta antolatzaileak eta kolaboratzaileak  Iratxon, mahaian eserita, arrautza frijituak eta   urdaiazpikoa gozatzen. Ederki irabazitako gosaria! Gainera, indarrak bildu behar egun luzeari  aurre egin ahal izateko.  Gosaltzen batzuk eta, bitartean, txorizo eta gazta pintxoak prestatzen beste batzuk kontroletara eramateko: 2.000 inguru. 25 kg txorizo eta 30 kg gazta. Eskoletan neurrira moztutako ogi zatitxoak kaxatan iristen ari ziren eta mahai inguruan talde zabala pintxoak egiten.

Eta batetik bestera, santiamen batez, Iratxo hutsik geratu zen. Kaxak desagertu ziren eta jendea ere bai. Hutsik ez, gosariko traste guztiak jaso eta dena txukun uzteko lana baitzuten sukaldariek. Nor bere kontrolerako bidean zen.

Plazan helmuga prestatu behar zen, minuturik ere galdu gabe, lehen “korrikalarik” iristerako.  Mahaiak jarri, bailak kokatu mendizaleak kontrolera egoki bideratzeko, txotx egiteko kupela prest, rokodromoa frontoian kokatua, sarrerako publizitate arkua zutik… Materiala ekartzea falta: kamisetak, opariak (Alea olo  kaxa eta Lacturaleko yogurtak), kontrolerako ordenagailuak, opariak, megafonia… Txistorra prestatzeko sukaldea eta zartaginak ere prest. Ogia eta txistorra beranduxeago ekarriko dituzte. Ez da agindu handirik eman beharrik. Jendea ohituta dago. Gazteenak dira zer egin galdetzen dutenak, baina berehala hartzen diote martxa lanari.

Eta 10:30erako Motzeko lehen partaideak (horiek bai korrikalariak!) Foru Plazan dira oraindik dena prestatu gabe dagoela, kamiseta banatzaileei presa sartzen. “Ez dugu kamisetak banatzen hasi behar kontrolaren irekiera ordua iritsi arte”. Baina… Datorren urtean zorrotzago jokatu behar dugu honetan.

Plazako giroa animatzen ari da. Kamisetak aukeratzeko lanak, ezustean batzuei tokatu zaizkien opariak…Txokolatea, laranjak, pastak, yogurtak… Eta txistor beroa. Ez da txistor pintxoari ezetz egiteko borondaterik duenik. “Ze ona!” Eta pintxoa hartuta, txotx egitera (180 l sagardo edan genituen denon artean), enparantzako eskailerak ia beteta, jendea pozik esker ona adieraziz Ibilaldia zoragarria izan zelako, magafoniatik musika eta zenbait mezu zabaltzen hasi ziren. Rokodromoan neskato-mutikoak eta ez hain gaztetxoak tontorra ukitzeko saioan. Arrakasta rokodromoarena. Mila esker zaindariei!

Zortziak aldera, dena jasotzen eta enparantza txukun uzteko lanari heldu behar. Soberan dagoen materiala erretiratu, mahaiak, zabor-kutxak, hesiak… kamioian hartuta bere lekura eraman… Eta erratza pasatutakoan Iratxora, afaltzera.  Harrera egin diete Elkartean  azkeneko iritsi diren Iparraldeko hiruzpalau partaideri eta hauek ere, kamisetak eta opariak jasota, pozik alde egin dute itxaron diegulako.

Eta mahaian eserita egunari errepasoa eman patatak bakailuarekin dastatzen ditugun bitartean. Ondoren bigarren platera eta postrea iritsiko dira, baina horretarako ere emakume talde bat gelditu gabe lanean. Eskerrik beroena egun handi hau bideragarri egiten duten guzti guztiei!!

Gaztei ia datorren urtean XXXII. Sakanako Ibilaldia antolatu behar den/dugun galdetuta, “Hau ezin da antolatu gabe utzi” ateratzen zaie.  Ibilaldia egingo da boluntarioak prest dauden bitartean. Hori errepikatzen zuen Pellok urtero.