MADOTZ-AKIER-ODERITZ- SAGARDOTEGIA

Oso irteera polita martxoaren 20koa eta erantzun onekoa. Hamabi mendizale abiatu ginen Madotzetik Agiri herri zaharrerantz. Hego haize nahiko zakarra leku irekietan eta hodei susmagarriak. “Ia ez garen bustitzen”. Eta ez ginen busti eta haize ere ahultzen joan zen. Agirira heltzean Atako harratean gora hartu genuen eta goroldioz tapizatutako leze/zulo handi batera iristean, terraza moduko bat hartu genuen ekialderantz Soroaundi azpitik pasatuz. Bista ederrak. Azpian, Agiri inguruko pagadiak eta, atzeraxeago, Madalenaitz. Sakana hegan gurutzatuta (tirolinarik behar ez), Gaztelu, Txurregi, Beriain…, baino erdi lainopean.

Atako haraneko sarrerako atea zeharkatu aurretik  goroldioz forratutako babesleku ederrak gonbidatu gintuen hamaiketako egitera. Nola ukatu?  Indarberrituta, Atako larreetan barrena hurbildu ginen Akierrera eta maldan gora egin. Aldapa polita. Iparraldeko hegira pasatu orduko ezkerrera jo genuen tontorrera iristeko. Bide argirik ez, baino Frantziskok zuzen eraman gintuen Esputnik suziriraino. Ez zen ia haizerik eta argazki saioa dexente luzatu zen. Bateriarik gabe gelditzen diren argazkilari hauek…

Tontor harritsua atzean utzita ekialderantz hartu genuen, alturarik galdu gabe ia, zirko moduko bat gurutzatu arte.  “Pista han dago”, Frantziskok. Eta halaxe izan zen. Bidea goitik behera dator eta Zuarrarratera doan pista zabalera eramaten gaitu. Garaiz genbiltzanez, Madotzera oinez jaistea erabaki genuen kotxeak hartzera.

Sagardotegia zain genuen gehienok eta, aspaldiko partez, ederki bazkaldutakoan eta sagardoa lagun, kantu saio luzea izan genuen geure errepertorio zaharra errepasatuz.  Bazkaltzen ari zirenetako gazteak ere abestera animatu ziren errepertorioko abesti ezagun bat entzutean. Zein ote? Asmatu duzue: “Sigo siendo el rey”.

Datorren urtean Irurtzundik abiatu behar Larrazpilera igo eta mahai berean bukazteko. Gonbidatak zaudete.