05 May, 25

Lokatz guztien gainetik, erauntsi guztien azpitik. Horrela egin zenioten aurre, joan zen larunbatean,  XXXIV. Sakanako Ibilaldian abiatu zinetenok. Beraz, ezer baino lehen, eskerrik beroenak agertzen joan  zineten mendizale guzti guztioi. Eta nola ez,  agertu ez arren, izena eman zenutenoi. Urteak joan urteak etorri, Sakanako Ibilaldiari neurrigabeko leialtasuna erakusteagatik, ez huts egiteagatik. Eskerrak, bihotzez.

Lokatz eta lohi guztien gainetik, bai. Hiru ibilbideetako zailtasunei eta eguraldi txarrari gogotsu eta alai arre egitea erabaki zenuten irteeran, Atakondoa frontoian azaldutakoek.  1044 guztira. Abiatu eta aurrera. Haur, nerabe, gazte, heldu eta adineko. Emakume zein gizonezko. “Bideak erakutsiko digu nola jokatu“.

Ibilaldia uzten joan ziren mendizaleak gutxienak izan ziren.  Egia da Uharten, Aralarren eta Madotzen Ibilaldia utzi zutela batzuk. Beste zenbaitek telefonoz jakinarazi zuten bidean atzera egitea erabaki eta helmugan agertuko zirela. Latasan, Arrantzaleen Bidea  aukeratu zuten askok Irurtzunera iristeko, Trinitatea utzita.  Kontroletako laguntzaileen kotxeek ere ez zuten atsedenik hartu partehartzaileak  “etxeratzeko“. Hala ere, 936 iritsi ziren frontoira.

Egunak zaparrada eta erauntsi gogorrak oparitu zizkien ibiltariei, baina helmugaratzean, hutsik egin gabe “Ongi” edo “Bagenekien nora gentozen” errepikatzen zuten.

Helmugan, Atakondoa frontoian, giro ezin hobea.  Ate aurrean lau mangera eta bi zaindari gogor pilotalekuan sartu baino lehen oinetakoak behintzat, zerbait txukundu behar zirela agintzeko. Ur hotza uraren gainean. Eta, hala ere, jendea pozik eta esker ona adieraziz, prakak, zangoak eta oinetakoak ongi  albardatuta.

Orokorrean, eguna ongi joan zen eta erorketak ugariak izanagatik, zorionez, istripu arin pare bat baizik ez zen izan.

Eta bukatzeko, eskaera: gorde, mesedez, zure egutegian apirilaren azken larunbata.  XXXV. Sakanako Ibilaldian eguraldi ona, izanen dugu. Ziur. Eta beti bezala ongi etorria izango zara, Irurtzunera, lagun. Datorren urtean elkar ikusi eta agurtuko dugu.

OHARRA: Kontuak egin gabe ditugunez, PARIS 365entzat zenbat diru lortu dugun ezin dugu oraindik esan, baina jakinaraziko dugu maiatzaren 10ean