IZAGAKO EGOERA

HOTZA!! Aspaldian pasatu dugun handiena, han, tontorrean, 1360metrora, urtarrilaren 22an. Haize zakarra eta oso oso hotza, ikaragarri. Hozka egiten zuen!! Eta hori, Monreal inguruan, batek ez zebilela batere haizerik esan, pozik. Argazkirik ere ez genuen atera! Gailurrera iritsi eta, korrika, S. Migel ermitaraino jaitsi behar izan genuen pareten babesaren bila. Pena, bai, baina ez zegoen tontorrean agoantatzerik Pirinioak zuri-zuri eta hurbil ikusten ziren arren. Argazkiak beste baterako utzi genituen.

Tontorrean ez zen elur handirik, egia. Han jotzen duen haizearekin… Hala ere, bidean geruza ederra zegoen eta  zenbait tokitan ezpelak eta beste zuhaixka batzuk elurraren zamak ederki beheratuak zituen eta azpitik pasatzeko ongi makurtu beharra zegoen. Eta batzuen gerri gogorrentzat… Goiz ibiltzearen ondorioak.

Iristean, lehenak izan ginen Ardanazko aparkalekuan hiru kotxeak uzten. Oinak elur gainean jarri orduko, zalantza: polainak beharrezkoak ote dira? Batzuek  zangoak babestu egin genituen, badaezpada, baina ez ziren beharrezkoak elurra izoztuta zegoelako. Bidean elurra eta izotza kristala bezala, tarteka. “Jaitsieran kontuz ibili behar!” Hala ere, ipurdiko batzuk hartu genituen.

Hamaiketakoa ermitaren ormen babesean egin genuen, presaka. Han ere ez zen giro! “Begira, botilako ura izoztuta dago!” ohartu zen neska bat.

Gu behera, kontu handiz,  eta jende mordoa, gora. Gu baino lasaiago egonak ziren ohatzean. Aparkalekura iristean, dena beteta.

Hiru kotxeetan sartu ginen hamalau mendizaleak eta Artaitzeko eliza erromaniko ederraren munstroei begira egon ginen zer sinbolizatzen ote zuten asmatu ezinik. Ezer onik ez behintzat.

MADOTZ-AKIER-ODERITZ- SAGARDOTEGIA

Oso irteera polita martxoaren 20koa eta erantzun onekoa. Hamabi mendizale abiatu ginen Madotzetik Agiri herri zaharrerantz. Hego haize nahiko zakarra leku irekietan eta hodei susmagarriak. “Ia ez garen bustitzen”. Eta ez ginen busti eta haize ere ahultzen joan zen. Agirira heltzean Atako harratean gora hartu genuen eta goroldioz tapizatutako leze/zulo handi batera iristean, terraza moduko bat hartu genuen ekialderantz Soroaundi azpitik pasatuz. Bista ederrak. Azpian, Agiri inguruko pagadiak eta, atzeraxeago, Madalenaitz. Sakana hegan gurutzatuta (tirolinarik behar ez), Gaztelu, Txurregi, Beriain…, baino erdi lainopean.

Atako haraneko sarrerako atea zeharkatu aurretik  goroldioz forratutako babesleku ederrak gonbidatu gintuen hamaiketako egitera. Nola ukatu?  Indarberrituta, Atako larreetan barrena hurbildu ginen Akierrera eta maldan gora egin. Aldapa polita. Iparraldeko hegira pasatu orduko ezkerrera jo genuen tontorrera iristeko. Bide argirik ez, baino Frantziskok zuzen eraman gintuen Esputnik suziriraino. Ez zen ia haizerik eta argazki saioa dexente luzatu zen. Bateriarik gabe gelditzen diren argazkilari hauek…

Tontor harritsua atzean utzita ekialderantz hartu genuen, alturarik galdu gabe ia, zirko moduko bat gurutzatu arte.  “Pista han dago”, Frantziskok. Eta halaxe izan zen. Bidea goitik behera dator eta Zuarrarratera doan pista zabalera eramaten gaitu. Garaiz genbiltzanez, Madotzera oinez jaistea erabaki genuen kotxeak hartzera.

Sagardotegia zain genuen gehienok eta, aspaldiko partez, ederki bazkaldutakoan eta sagardoa lagun, kantu saio luzea izan genuen geure errepertorio zaharra errepasatuz.  Bazkaltzen ari zirenetako gazteak ere abestera animatu ziren errepertorioko abesti ezagun bat entzutean. Zein ote? Asmatu duzue: “Sigo siendo el rey”.

Datorren urtean Irurtzundik abiatu behar Larrazpilera igo eta mahai berean bukazteko. Gonbidatak zaudete.

 

BELATE-BERUETE 2021

Hamabi mendizale bi taxitan. 2020ko kopuruaren bikoitza. Belate-Beruete bizirik dago.

Egunsenti freskoa, baina hodei bakar bat gabe. A ze eguna izango dugun! Bidean, taxilariarentzako deia. Lekunberrikoa. Festetan daude. Ea Arbizura eraman ditzakeen. Lanean ari dela, 8:30ak ondoren. Gaztea erraz konformatzen denetakoa; etxera eramanez gero… Iraizotzerantz hartzean, eguna esnatu egiten da, eta Saioa, Okolin… dauden aldea argi-argi  nabarmentzen da. Laino bakar bat ere ez.

Gaur ez gara Venta Quemadaraino joango, lehenago hartuko baitugu GR-a. 7:45ean aparkatu dugu. Berriro ilundu du! Laino itxia. Hotza. “Ez dugu bidea ikusiko”. Robertok kopetako-argia du eta oinez hasi gara. Bidea galdu dugu, Atletic-en markak ez baitira ikusten. “Ezkerrerago egon behar du”. Halaxe da. Frontalaren fokua metro batzuk aurreratzen da, eta pago baten enborrean, pintura salbatzailea. Bitartean, tiro bat ere ez. Ehiztariak desagertu ote dira? Pista ez dago urruti, eta ezagutzen dugun soro baten ezkerretik joanda, urtero ikusten dugun bordara iritsi gara. Denboraren joanak eta utzikeriak ez dute barkatzen: jada ez du teilaturik. Hala ere, fatxadan, armarriak erakusten du oraindik eraikuntza izan zenaren harrotasuna. Ea oraindik egun onak ematen dizkien Belate-Berueteko mendizale gehiagori. Pareta zutik dagoen bitartean… Sorotik ateratzean, Baztango Udalaren seinale batek bide publikoa dela jakinarazi du. Beraz, belardia lasai zeharkatu daiteke, oraindik bazkatzen hasi ez diren ardiak molestatu gabe.

1.063 metrora koroatzen Putzuetako Gain biluzian, iparraldeko haizeak klementziarik gabe jotzen du, eta, lainoak inguratzen gaituenez, eskuinean Mendaur eta gailurretik zaintzen dituen haraneko herriak irudikatzen ditugu. Noizean behin, eta segundo laburrez, lainoak leihatila txiki bat irekitzen digu Utzamaz gozatzeko, beste urte batez itzultzeko amua begi aurrean jarriz bezala. Gaur gauza ez dago txantxetarako, eta Maizterrareneko bordara lehen bai lehen iristen gara, indarrak pixka bat berreskuratzeko, goiz jaiki baikara. Ia guztiok pikatzen dugu zerbait, eseri ere egin gabe, dena bustita baitago eta ahalik eta azkarren  martxan jarri nahi dugulako.

Burdinazko gurutzearen aurrean Romeo eta Julietaren landa-tragedia osatzen dugu ibiltarion artean, eta ohiko argazkia ateratzeko paratzen gara eta berriz ibiltzera. “Hemendik Leurtzako urtegia ikusi beharko litzateke”, baina lainoa…

Lau norabideko bidegurutze batetik igaro ondoren, “Non dago Roberto?”. Mutila, historiarekin hunkituta, antza, Eltzabururantz jaisten hasi da, tragediaren protagonista kokatu dugun herrirantz. Minutu batzuk bere zain eman behar izan ditugu.

Despistatua berreskuratuta, erritmo onean jarraitzen dugu. Manolo Gorostietan zain izango dugu betiko kafe beroa eta pastekin. Eskerrik asko, Manolo.

Ibilbidearen bigarren zatia geratzen da: Gorostieta-Otsola-Beruete. Eta ez da berandu iritsi behar taxien hitzordura. Baina taldearen zati bat, entzierroko mantsoak bezala, atzean geratu da, bizpahiru urri-zizekin eta onddoekin zebatu baitira. Labur esanda, Otsolan taldeak haien zain egon behar izan du eta 14:30ean iritsi gara Beruetera, juxtu samar. Barkatu!

Eguna ondo bukatzeko, martxako zazpi gizon Irurtzungo jatetxe batera joan ginen bazkaltzera eta gustura egon ginen geure “mendi-balentriak” gogoratuz. Datorren urtera arte!

ARGAZKIAK: Multimedia galerian.

2021-10-10 Euskal Herriko Erdigunean

Euskal Herriko Erdigunean Iratxo Mendi taldeak, Sakanako Mendizaleak eta Nafarroa Berriz Altxa taldeak antolaturik burutu zen aurtengo mendi ibilaldia.

Ekitaldian Xabier Isasak, Felix Isasaren semeak, Koldo Aldazek, Nafarroako Mendi Federazioako partaideak eta Joseba Compains-ek hartu zuten hitza.

Ondoren pintxo pote izan zen Iranetako bordan.

Eguraldi eta giro onean igaro genuen eguna