30 Mar, 17

Aralarretik Madotzerako zatia ez da Atako bailararen bakea gozatzeko aukera eskaintzen zigun ohiko bidetik igaroko.
Madotzerako jaitsiera gaizki egoteak aukera berri bila eraman gaitu. Bide berriari ez zaio ez xarmarik falta. Aralarrera zihoazen erromes eta mendizaleek, pixkanaka, harriz harri, urtetako auzolan patxadatsuan osatutako , harri pila erraldoia pasatu orduko, GR-a utzi eta apur bat eskuinera hartuko dugu, Arakilgo bista ederrak gozatzeko . Pagadian behera egingo dugu Atako bailarara daraman pistarekin topo egin arte. Pista metro gutxira utzitakoan, Atako Arratea osatzen duen kare harrizko labirinto estua gurutzatuko dugu Agiri/Agiregi herri hutsarekin eta, belaunaldiz belaunaldi, bertako biztanleei edaten eman zien iturrira iritsi arte. Harkaitz artetik sortzen den ur freskoa bere oinetan dagoen askak biltzen du. Iturriaren gainean, hain juxtu, Uharte Arakileko herritarrek burutu dituzten indusketa kanpinek agerian utzitako eliza txikiaren hormak ikusi ahal izango ditugu.
Geldialditxo laburrak 900 metroko alturan kokatutako hamabost etxe edo sutondotik gora zituen herri honetan bizi garela imajinatu eta Erdi Arora bidaia egiteko. Zertaz bizi ote zen jende hura? Zein ote zen beraien janaria eta elikagaia? Agiriko etxe/etxola eskasak elurrak estaltzen zituen gau amaigabeko negu luze haietan pentsatze hutsak hotzikararen tximista erakartzen du, ezinbestean, gure gorputzera. Legendak, kondairak, Agiriko azken biztanlea legenarrak jotako emakume bat izan zela dio. Uhartek hartu omen zuen gaixoa, zeinek, esker onez, herriari eman zizkion Agiriko lurrak.
Historiak argitzen du Agiri 1359an Uharte Arakil osatu zuten herrietako bat izan zela, Nafarroako erregeek, defentsa arrazoiak medio, Sakanako biztanleak toki gotortuetan biltzeko agindutakoan. Izan ere, 1200. urtean Gaztelak Gipuzkoa, Araba eta Durangaldea konkistatu ondoren, Sakana eta bere biztanleak Nafarroako Erreinuaren muga bihurtu ziren eta Gipuzkoa zein Arabatik erasoak eta lapurretak jasotzen zituzten. Gaizkile eta abere-lapur horiek, askotan, Gaztelako erregeen zerbitzura aritzen ziren.
Ur fresko trago batek Madotzerantz egiten lagunduko digu, berriro GR-an barrena, pago batean ikusiko dugun “Madotz herria” inskripzioak utzi eta ezkerrera hartzeko jakinarazi arte. Marka urdinak eta ibilaldiaren zintak izango ditugu lagun orain Madotzeraino.