Oskar

Oskar galdu dugu eta triste gaude. Oso atsekabetuta. Berak, ordea, ez liguke alaitu arte bakean utziko eta, argazkietan bezala, irribarretsu, topa egiten bukatuko genuke. Zegoen tokian zegoela, bizipoza kutsatzen zuen, alaitasuna, indarra, baikortasuna…
Ez zen Iratxo Mendi Taldekoa izan, baina izan balitz bezala. Momentu eta lan asko partekatu genuen elkarrekin. Gutxiegi! Guraso bezala Sakanako Ibilaldiaren antolaketan, Oskar izan zen Ibilaldi Txikiaren bultzatzaileetako bat.
Edonoiz eta edozertarako beti prest. Ezetza ez zen bere hiztegian sartzen. Eskatzen geniona eskatu: “Sí, hombre”. Motozerra eta sasi-garbitzeko makina hartuta bideak garbitzen aritzen zen, banderatxoak ekarri eta markaketan Iperekin batera. Ibilaldiaren egunean berean ere, goizeko 4:30etarako, hartutako ardura txintxo beteko zuen. A, hori bai: 7:30etako arrautza frijitu parea eta urdaiazpikoa gozatu egiten zituen Oskarrek eta zer nolako giroa sortzen zuen bere inguruan. Lagun-artea zen berea. Barre-algara ereiten zuen.


Urte zahar egunean, txintxo etorriko zen zortzietarako bere traktorea hartuta, Zato txakurra lagun, Iratxon txistorrak, urdaia, ardo eta sagardoak eta gainerako guztiak kargatu eta Trinitatera igotzeko. Orain hiru urte, bera ospitalean larri zela, Ipe, anaia, bidali zuen egun horretan hutsik ez egiteko. Egurretan ere urtero aritzen ginen Trinitaterako udazken aldera. Oskarrekin gustura joan zitekeen nora nahi.
Mila esker, Oskar, oparitu zenizkigun ordu guztiengatik. Zuretzat karroza hutsak ginen, baina edozeinekin moldatzen zinen; gaztetu egiten gintuzun.
Lanak zure hutsunea betetzen! Baina oroitzapenak ez dizkigute ebatsiko.
Ikusi arte, Oskar.