2022-05-07 -Martxa handiaren Historia

Datorren larunbatean, hilak 7,  20:00etan, Patxi Alegreren proiekzioa.Titulua: “Martxa Handiaren historia”.

Proiekzioan, gaur egun “Sakanako Ibilaldia” izenaz ezagutzen dugunaren bilakaera ikusi ahal izanen dugu.

Ez huts egin hitzorduari!.

XXXI. Sakanako Ibilaldia

Abian dira aurtengo Sakanako Ibilaldia antolatzeko lanak. Gogo handiz gaude eta espero dugu apirilaren 30ean denok Irurtzunen elkar ikusteko aukera izatea. Aste hauetan, pixkanaka pixkanaka, informazioa igotzen joango gara: ibilbideak, apuntatzeko datak, eta abar.

Osasun egoera hobera joan dadila espero dugu eta apirilaren 30ean Irurtzunen denok elkartzeko irrikitan gaude.

Gorde data!

Beriainen ahuntzak ere gure esperoan daude!

XXXI. SAKANAKO IBILALDIA, 2022AN

Behin betiko, ez. Aurten ez du Iratxo Mendi Taldeak XXXI. Sakanako Ibilaldia antolatuko. Horrela erabaki du taldek, aurretik pentsatu bezala, uztailaren bukaeran eginiko bileran. Pandemiak eragindako egoera ez egonkor eta aldakor honetan ez dugu bideragarri ikusten horrelako ibilaldi garrantzitsua antolatzea. Beraz, 2022an izango da XXXI. Sakanako Ibilaldia. Bi urteko atzerapenarekin iritsiko da.

Gure ibilaldiaz mendizaleekin harremanetan izan ginen azkenekoan, 2021eko apirilaren 24an, hitzez hitz, honela jakinarazten genizuen Iratxo Mendi Taldearen asmoa: “XXXI. Sakanako Ibilaldia aurten egitea gustatuko litzaiguke. Ahalegin guztiak egingo ditugu horretarako eta, egoera sanitarioak aukerarik ematen badu, uda bukaeran egin nahi genuke XXXI. ekitaldia”. Bada, ez dugu ikusten egungo egoerak horrelako proiektu batean sartzeko lasaitasunik nahiz ziurtasunik eskaintzen duenik. Ez gara hemen eta orain etsitzeko eta azken ahalegina bertan behera uzteko izan ditugun arrazoien berri ematen hasiko, baina badakigu Iratxo Mendi Taldearen erabakia ulertuko duzuela. Esan bakarrik argi ikusi dugula, hala ere,  galtzeko irabazteko baino gehiago zegoela, kalteak onurak baino handiagoak izango liratekeela eta, bizi garen baldintza hauetan, ez duela merezi hainbeste lagun eta kolaboratzaileren inplikazioa eskatzen duen ibilaldia antolatzeko ahalegin handia  egitea. Indarrak 2022rako gordeko ditugu, beraz, eta beti bezala, apirilaren azken larunbatean egingo dugu Sakanako Ibilaldia.

Honenbestez, datorren urteko Ibilaldia prestatzen hasiko gara laster, orain arteko bikainena izango den itxaropenean. Informatuta edukiko zaitugu, mendizale.

APIRILAREN 24a, XXXI. SAKANAKO IBILALDIA

Iratxo Mendi Taldekook badakigu egun hau zure egutegian  gorriz markatua izango zenuela eta larunbatean elkar ikusi eta agurtuko genuelako  itxaropena izango. Ezinezkoa da, ordea, pandemia madarikatu honen ondorioz. Bigarrenez eragotzi digu XXXI. Sakanako Ibilaldia ospatzea. Gogorra, gaixotasuna!!

Baina Iratxo Mendi Taldekoak ez gara erraz etsitzen duten horietakoak. Saiatu gabe ez, behintzat. Eta oraingoan ere aurrera egiteko asmoa dugu: XXXI. ekitaldia aurten egitea gustatuko litzaiguke. Ahalegin guztiak egingo ditugu horretarako eta, egoera sanitarioak aukerarik ematen badu, uda bukaeran egin nahi genuke XXXI Sakanako Ibilaldia. Noiz eta nola? Aurrerago erabaki behar dugu. Baina egon ziur gure aldetik ahal den guztia egiteko prest gaudela.

Beraz, mendizale, egon erne eta gure informazioen zain. Eta Ibilaldia antolatuko bagenu, etorri Irurtzuna, mesedez, mendian gozatu egun handi bat pasatzera.   Eskerrik asko

XXXI. SAKANAKO IBILALDIA

XXXI. SAKANAKO IBILALDIA  ez da 2021eko ohiko apirilaren azken larunbatean egingo. Iratxo Mendi Taldeak Ibilaldiaren inguruko erabakia orain arte atzeratu du itxaropena ez baikenuen erabat galdu nahi. Baina,  gizarteak pandemiaren ondorioz bizi duen egoerak bultzatuta eta guztion onerako, apirilean antolatzeko aukera behin betiko baztertzea beste erremediorik ez zaigu geratu.

Hainbat mendizale Sakanako Ibilaldiari buruzko informazio bila zuzendu zaizkigu ia prestatzen hasiak zirela jakinaraziz. Eskerrak ematen dizkiegu, bihotzez, lagun zintzo guztiei eta    XXXI. SAKANAKO IBILALDIA egin egingo dela ziurtatu. Momentuz, ez dugu aurten, 2021 honetan bertan, antolatzerik baztertu, baina erabakiak hartzeko Covid 19aren bilakaera aintzat hartuko dugu.

Beraz, oraingoz, ezin dugu berri gehiagorik eskaini eta bai antolatzaileok bai zuek, mendizale lagunak, gerta daitekeenaren zain geratuko garaInformazioa sortu ahala emanen dizuegu.

Mila esker Iratxo Mendi Taldearen izenean eta itxaropena ez galdu.

Irurtzunen, 2021eko otsailaren 6an

IRATXO MENDI TALDEA