11 Mar, 16

Apirilaren bukaeran, 30ean, hain zuzen ere, izango da XXVII. SAKANAKO IBILALDIA. Ohiko data, beraz, iazkoa salbuespena izan baitzen. Alaizko Ibilaldiari ez dio lehiarik egin nahi Sakanakoak.

Ibilaldi Txikia ala Txikien Ibilaldia?

Data betikoa bada ere, apirilaren azken larunbata, berrikuntzarik badakar, ordea, aurtengo edizioak. Izan ere, Ibilaldi Luzea eta Motzaz gain, haur eta gurasoentzako martxa ere antolatuko baitu Iratxo Elkarteak mendizaletasuna txikien artean ere sustatzeko. Hazirik ereiten ez bada… Horretarako, Atakondoako Guraso Elkartearen laguntza izango dugu eta bihotzez eskertzen. Ibilaldi Txikia izango ote ala Txikien Ibilaldia? Zer izen ote da egokien edo gustukoena?

Txikien Ibilaldiaren erronka nagusia Ergara, Irurtzungo mendi ezagunera, igotzea izango da eta itzulera Latasan barrena egingo dute mendizale txikiek. Herri honetan hornidura eta kontrola izango dute eta, mendizale handiekin indarrak berreskuratu ondoren, Arrantzaleen Senda ederretik itzuliko dira Irurtzunera, herriko plazan amaitzeko. Opariak eta diplomak helduek bezalaxe jasoko dituzte neskato eta mutikoek eta zozketetan parte ere hartuko dute.

Ongietorriak mendizale txikienak!!!