XXXI. SAKANAKO IBILALDIA, 2022AN

Behin betiko, ez. Aurten ez du Iratxo Mendi Taldeak XXXI. Sakanako Ibilaldia antolatuko. Horrela erabaki du taldek, aurretik pentsatu bezala, uztailaren bukaeran eginiko bileran. Pandemiak eragindako egoera ez egonkor eta aldakor honetan ez dugu bideragarri ikusten horrelako ibilaldi garrantzitsua antolatzea. Beraz, 2022an izango da XXXI. Sakanako Ibilaldia. Bi urteko atzerapenarekin iritsiko da.

Gure ibilaldiaz mendizaleekin harremanetan izan ginen azkenekoan, 2021eko apirilaren 24an, hitzez hitz, honela jakinarazten genizuen Iratxo Mendi Taldearen asmoa: “XXXI. Sakanako Ibilaldia aurten egitea gustatuko litzaiguke. Ahalegin guztiak egingo ditugu horretarako eta, egoera sanitarioak aukerarik ematen badu, uda bukaeran egin nahi genuke XXXI. ekitaldia”. Bada, ez dugu ikusten egungo egoerak horrelako proiektu batean sartzeko lasaitasunik nahiz ziurtasunik eskaintzen duenik. Ez gara hemen eta orain etsitzeko eta azken ahalegina bertan behera uzteko izan ditugun arrazoien berri ematen hasiko, baina badakigu Iratxo Mendi Taldearen erabakia ulertuko duzuela. Esan bakarrik argi ikusi dugula, hala ere,  galtzeko irabazteko baino gehiago zegoela, kalteak onurak baino handiagoak izango liratekeela eta, bizi garen baldintza hauetan, ez duela merezi hainbeste lagun eta kolaboratzaileren inplikazioa eskatzen duen ibilaldia antolatzeko ahalegin handia  egitea. Indarrak 2022rako gordeko ditugu, beraz, eta beti bezala, apirilaren azken larunbatean egingo dugu Sakanako Ibilaldia.

Honenbestez, datorren urteko Ibilaldia prestatzen hasiko gara laster, orain arteko bikainena izango den itxaropenean. Informatuta edukiko zaitugu, mendizale.