11 Oct, 16

EUSKAL HERRIKO ERDIGUNEA.  EUSKAL MENDI FEDERAZIO BATERANTZ

Iratxo mendi taldeak, Sakanako Mendizaleak taldeak eta Independentistak sareak antolatuta, Euskal Herriko Erdigunera martxa burutu zen igandean. Eguraldia lagun, lurraldetasuna aldarrikatzeko ekin zioten ibilbideari hiru zutabek. Bata Unanutik abiatu zen, 8:15ean, Senosiaingo goialdeko askatik bestea, 8:45ean eta Irañetako bordatik azkena, 9:30ean. Denek bat egin zuten Euskal Herriko Erdigunean eta jendetza talde ederra bildu zen.

Hortxe Nafarroako Mendi Federazioko lagunek Koldo Aldaz eta Martin Montañes-ek irakurri zuten bi mendi federazioen artean sinatu duten protokoloa.

Ondoren, bazkaria egin zen Irañetako bordan. Hirurogeita hamar lagunak elkartu ziren bazkaltzen. Kantuekin bukatu zen eguna.

Hemen duzue protokoloa:

EUSKAL MENDIZALEEI ADIERAZPENA EUSKAL HERRIKO ERDIGUNETIK

Mendi eta Eskalada Kiroletako Euskal eta Nafar Federazioak. 2016ko urriak 9

ERDIGUNE MARTXA 2016

 1924ko maiatzaren 18an Elgetan jaio zen Euskal Mendizale Federazioa, Federación Vasco Navarra de Alpinismo izenarekin. Hegoaldeko lau lurraldeetako mendizale munduak ibilbide luze eta zaila egin izan du II. Errepublika, Gerra Zibila eta Francoren Diktaduran zehar, egungo egoerara iritsi arte.

 Duela hogeita hamar urte Euskal Mendizale Federazioa eta Nafarroako Mendizale Federazioa lege-aginduz banatuak izan ziren Estatuaren eskuduntzak Autonomia Erkidegoetara transferitzerakoan.

 Nafar mendizaleek, denak batera egin zioten aurre inposatutako bereizketari hainbat urtetan zehar, aurreko estatusa mantentzeko elkartze formulak bilatu zituzten eta, bide horretan, 1972an sortu zen Baionako Auñamendi elkartea, Ipar Euskal Herriko lehen mendi elkartea, bere barne hartzera iritsi ziren.

 Mendizaleen gehiengo zabalaren nahia 1989ko irailaren 17an gauzatu zen, Euskadi eta Nafarroako Gobernu Autonomoen babespean Hego Euskal Herriko lau lurralde federazioek Besaiden sinatu zuten “Lankidetza Hitzarmena”-rekin.

 Nafarroako beste kirol federazio batzuk egitura amankomunak mantendu izan dituzte euskal federazioekin.  Ildo beretik, EMF-Euskal Mendizale Federazioak eta NMEKF-Nafarroako Mendi eta Eskalada Kiroletako Federazioak mendizaleen kolektibo osoarentzat Proiektu Komun bat gauzatzeko “bide-orria” zehazteko konpromisoa hartzen dugu ekitaldi honetan.

 Behean sinatzen dugunok, “EHko Erdigune Martxa 2016” dela eta, 2016ko urriaren 9an Andia mendilerroan kokaturik dagoen Euskal Herriko erdigune geografikoan bildurik, duela 27 urte Besaiden sinatutako “Lankidetza Hitzarmena” oinarritzat hartuz, Euskal Mendizaleen Egitura Komun baterako konbergentzia aldarrikatzen dugu.