28 Aug, 18

2018an ere abuztuan Piriniotara

Abuztuko Piriniotako irteerak Panticosako bainuetxe ospetsua eta Sallent de Gállego lotzea zuen helburu,  paraje zoragarri horietaz gozatu ahal izateko.  Goizeko zazpi  eta erdietan autobusak Casa de Piedra aterpetxean utzi gintuen eta berehala abiatu ginen goizeko freskotasuna aprobetxatzeko.  “Refugio de Bachimaña: 1:55h”  erakusten zuen bidearen norabide adierazten zuen txartela.  Mendizale emana, handia. Gazteak gehienak.

Ohartzerako Frailearen aldapa ezaguna atzean utzi genuen Bachimaña ibonera iritsi. Uste baino errazago. Ibona inguratzen ari ginela Iratxoko (Lagun Berriak garai haietan) lehen Piriniotako kanpaldian dendak non kokatu ote genituen begiratzen aritu ginen eta ibonaren bukaeran izango zela erabaki genuen. Zenbat oroitzapen! Eta zenbat urte joan diren ia oharkabean!  42 edo 43? Gaur bi besterik ez gara kanpaldi hartako 30 ingurutik.

Oroitzapenetan murgildurik iritsi gara lehen Urdinera eta mokadu bat hartzeko eta argazkiak egiteko tartetxoa hartu dugu. Urdina ere atzean utzi dugu eta, Infernuak gure ezkerrean (baten batek itzuliko dela agindu zuen), Tebarrayko ibona ikusten dugu geure oinetan 11:00k aldera.

Tontorreko (1900m) bidea hartu dute zazpik eta gainontzeko lauak jaisten hasi gara, kontuz,  lepoan  dagoen sirga lagun. Hortik aurrera bide erosoa eta paisaia berde berdea, larre aberatsez estalia.  Llena cantal ibonaren ondoan Balaitous mendiari begira freskatuta, aurrera jarraitu dugu. Han behean, Respomuso aterpearen teilatu gorriak, ustez hurbil. Ezustekoa beherago iritsi da  txartel batek ordu eta erdi falta zela,  brometan,  jakinarazi digunean. Baina ez  zen broma.  Eta bidea motza egiten ari zitzaigunez,  GR11-ren marka zuri-gorriak galdu egin ditugu eta atzera egin behar.  GR bidera itzultzean ikusi ditugu  Tebarraytik zetozen zazpi lagunak eta elkarrekin egin dugu Respomuso ibonaren ertzetik aterperainoko tartea.

Bokatak, zahatotik  tragoxka gozoak, Iñaki aitak “atzo momentu batez” egindako patata tortila denon artean bukatu (kostata), kafetxo bat hartu eta  azken etapari heldu diogu. Aurretik, Mikelek, lege onean, ez du denbora alferrik galdu eta eguzki goxotan bere lokuluxkatxoa egin du.  A Sarra urtegiraino ala Sallent herriraino?  Itxaropena autobusa urtegiraino igoko ote zen. Baina, ez. Telefonoz ezin harremanetan jarri eta  Sallenteraino oinez egin beharra. Herrian  zain genituen  Panticosatik  ibonetara  igo diren mendizaleak. Ederki pasa omen dute haiek ere.  Erreka bazterreko parketxoan   zizka-mizka oparoa partekatu, autobusean sartu eta etxera. A! Aurretik talde argazkia ere egin genuen. Jendea pozik, ongi tratatu genuelako. Berriro ere etorriko omen dira. Hala bedi.

ARGAZKIAK (Luis Sagardoy)