30 Apr, 24

XXXIII. Sakanako Ibilaldiak eskainitakoa baloratzeko tartea da oraingoa.
Hasteko, eskerrak eman parte hartzeko izena eman zuten 1226 mendizaleei. Berriz ere, erantzun bikaina izan du Iratxo Mendi Taldearen ibilaldiak. Indarrak metatu ditugu eta datorren urtean XXXIV. Ibilaldia antolatuko dugu eta dena hobetzen ahaleginduko gara
Ilusioz gainezka prestatu genuen aurtengo edizioa ere, baina eguna ez zen guk nahi bezala joan. Eguraldia bihurtu zen protagonista eta berari aurre egin behar izan genion.
Izena emana zuten 142 inskribatu ez ziren irteeran aurkeztu iragarritako eguraldia kontuan hartuta. Zorionak zuhurtziaz jokatzeagatik. Datorren urtean ilusioz hartuko zaituztegu.
Zorionak, baita ere, eguraldi txarrak bultzatuta ibilaldia uztea erabaki zenutenoi. Atzera egin zuten batzuek Irurtzuna itzuliz. Beriainen erabat busti eta hoztuta, Uharten ez zutela aurrera egingo pentsatu zuten askok. Eguraldiak zalantzak sorrarazten zituen zaparrada gogor baten ondoren zerua urdindu eta goxatu egiten zelako. Horregatik, Aralar, Madotz, Goldaratz edo Latasan utzi zuten beste askok Ibilaldia eta Irurtzunera boluntarioen kotxeetan nahiz oinez iritsi ziren.
Hala ere, eguraldi makurrari aurre eginda, bukatu egin zuten gehienek XXXIII. Sakanako ibilaldia, 842k hain zuzen. Zorionak hauei ere, jakina. Nola ez.
Labur esanda, zorionik beroena merezi duzue irtetea erabakitakoan, egunak sortutako eragozpen guztiak zein sufrimendua modu baikorrenean eraman zenituztelako. Enparantzan eta Barazkigunean ikusitako aurpegiek eta entzundako eskerroneko hitzek hori adierazten zuten. Zorionak, bene-benetan. Eguraldi txarrari, aurpegi ona.
Izan ziren antolakuntzak Ibilaldia bertan behera utzi behar zuela adierazi zuten parte-hartzaileak. Hain da zaila erabaki egokiena hartzea, ordea. Gainera iragarpenak txarrak izanda ere ez ziren izutzeko modukoak.
Ea datorren edizioan ere elkar ikusteko aukerarik dugun. Eskerrik asko bihotzez.